Eusko Jaurlaritza Euskadin ari diren finantza erakunde gehienen ordezkariekin bildu zen joan den jendea etxeetatik kaleratzea saihesteko Jaurlaritza burutzen ari den plana aurkezteko. Banketxeak hauek dira: Kutxabank, Euskadiko Kutxa, BBVA, Iparkutxa, Caja Rural, Sabadell Guipuzcoano, Banesto, CAN Banca Cívica, Banco Pastor, Banco Popular, Nova Galicia, Ibercaja, Bankia eta Caixabank. Jaurlaritzaren aldetik, Etxebizitza sailburuorde Mari Paz Larrunbide eta Justizia sailburuorde Maria Victoria Cinto egon ziren batzarrean.
Batzarra bera egin izana "positibotzat" jo ondoren, honako balorazioa egin zuen Jaurlaritzak: "Lehen harremana izan da, eta iritziak eta ideiak trukatu dira, eta indarrean jarri daitezkeen mekanismoak aztertu ahal izan dira. Horrez gain, finantza erakundeen iritzia eta beraien ekarpenak eta esperientziak jasotzeko ere baliagarria izan da".
Jaurlaritzak "alde guztientzat mesedegarriak izango diren konponbideak" aurkitzeko "borondatea" hauteman du finantza erakundeetan. Agindu du elkarlan hori "hurrengo egunetan gauzatu eta zehaztuko" dela.
Bitartekaritza lortu nahi da
Planaren helburu nagusia langabezian dauden edo mailegua edo hipoteka ordaintzeko arazoak dituzten jabeek, zorra berriro negoziatzeko formulak aurkitu ahal ditzaten bitartekaritza mekanismoa sortzea da. Programa berriak aholkularitza zerbitzua jasoko du, egoera zail horretan dauden pertsonei eta familiei eta hipoteka kontratatzen duten guztiei lagundu ahal izateko.