Eusko Jaurlaritzaren iritziz, "langileen eskubideak mugatuz ez da enplegua sortuko"

Leire Kortabarria 2012ko otsailaren 13a

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailaren iritziz, Espainiako Gobernuak onartutako lan-erreformak "argi eta garbi murrizten ditu lan-eskubideak, eta kaleratzea samurrago eta merkeago izan dadin egiten du". Gaineratzen duenez, "langileen eskubideak mugatzea ez da enplegua sortzeko bidea".

Langileen eskubideak "murrizten" direla uste du Enplegu Sailak, eta iritzi hori sostengatzen duten arrazoiak ematen ditu:

1. "Kaleratze guztiak objektiboak izango dira", esaten du, eta gaineratzen du: "Krisia hasi zenetik, ze enpresak ez daroa hiru hiruhileko segidan salmentetan gutxiago irabazten?"

2. Ekintzaileen kontratu berriari arazoa ikusten dio: "Probaldia urte betera pasatzen da. Horrek esan nahi du urte betean inongo kalte-ordainik gabe kaleratu dezaketela".

3. Enpresa-hitzarmena gailentzea kritikatu du Enplegu Sailak: "Enpresan egindako hitzarmena beti egongo da beste edozeinen gainetik, eta enpresa txiki eta ertainei kalte handiagoa egin dakieke, langileen ordezkaritza ez dagoelako hain artikulatuta".

4. Ultraaktibitatea: "Gehienez ere bi urte dago lan-hitzarmena negoziatzeko. Ez bada hala izan, desagertu egiten da eta bakarrik Langileen Estatutua geratzen da", azaltzen du Eusko Jaurlaritzak.

5. Barne-malgutasuna: "Lan Agintaritzaren baimen administratiborik ez da behar izango lan-eguna murrizteko eta kontratuak bertan behera uzteko".

6. Sektore-hitzarmenak dioen gutxieneko soldataren azpitik ordaintzea: "Orain errazagoa izango da, ados jartzen ez badira arbitrajea egin behar izango dutelako", esaten du Enplegu Sailak. 

7. Enpresa-kausengatik kaleratzea: "Ez da aurretiko baimen administratiborik behar izango Lan Agintaritzaren aldetik", azpimarratzen du Enplegu Sailak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak