Espainiako Entretenimendurako Software Banatzaileen eta Editoreen Elkarteak (ADESE) 2010ean argitaratutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian eta Espainian 1.245 milioi euro fakturatu zituen bideo-jokoen negozioak, Europako laugarren bolumen handiena. ADESEren estimazioen arabera, gainera, mundu osoan gehien haziko den sektorea da: 2010ean mundu osoan 56.000 milioi dolar fakturatu bazituen, 2015erako 82.000 mugituko dituela aurreikusten da. Ez hori bakarrik; bideo-jokoen alde onek gero eta pisu handiagoa dute, eta gero eta gehiago erabiltzen dira jokook hezkuntzan. Alemaniako eta Espainiako gobernuek bideo-jokoen industriarendako babes berezia onartu dute, eta bi herrialdeotan Kultura Batzordean dago orain. Euskal Herria eta Debagoiena olatu horren barruan daude eta, pixkana-pixkana, pausoak ematen dabiltza.
Europako campusa, Zierbenan
DigiPen Teknologia Institutua Zierbenan dago eta arduradunetako bat, Aitziber Azkondo, bergararra da; Komunikazio eta Marketin arduraduna da. AEBetan sortu zen DigiPen, eta bideo-joko sortzaile izateko prestakuntza ematen du. Zierbenakoa da DigiPen-en Europako campus bakarra. Aurten bigarren ikasturtea du. Euskal Herrira ekartzeko iniziatiba Bilboko Merkataritza Ganberarena izan zen, eta eragile jakin batzuena; talde horretan zegoen Azkondo. Berak honela azaltzen digu euren motibazioa: "Bilboko Merkataritza Ganberan, sektore produktiboen gaineko ikerketa egin genuen. Europan, sormen industriak eta, horren barruan, bideo-jokoenak indar handia zuela ikusi genuen. Orduan, DigiPen-ekin harremanetan ipini ginen, eta Euskal Herrian egoitza izatea eurendako interesgarria zela konbentzitu genituen. Asmoa da DigiPen-en Europako egoitza Euskal Herrikoa izatea". Azkondok azaltzen duenez, "bideo-jokoak taldean egiten dira", eta bi lan mota nagusi daude: "Ingeniariak mugimendua eta interakzioa lantzen ditu, eta artistak, alde bisuala: pertsonaiak, inguruak…". Bi adar horien artean aukeratzen dute ikasleek.
Krisiari aurre egiteko tresna
Bideo-jokoetan ez ezik, beste industria askotan lan egin dezakete gero espezialista horiek: "Ingeniariek puntako teknologia ikasten dute, eta softwarean zein inteligentzia artifizialean lan egin dezakete; bestalde, teknologia horrek beste aplikazio asko ditu industrian, hezkuntzan eta beste askotan. Artistek ere lan asko egin dezakete: animaziozko film laburrak zinemarako, telebistarako… Irteera asko dituzte". Bideo-jokoen inguruan bestelako lan asko sortzen dira; esaterako, ahotsa bikoiztea. Horren adibide bat ere gertuan dago, izan ere, bi arrasatearrek, Jon Zubiagak eta Aner Narbaezek, Anarchy Reigns bideo-jokoari ahotsa ipini diote, gaztelaniazko bertsioan. Biak ere bikoizketa ikasitakoak dira. Narbaezek honela dio: "Nik uste dut bikoiztaileondako lan handia dagoela mundu horretan; uste dut hor dagoela etorkizuna". DigiPen-en arduradunak bat datoz: Euskal Herria krisitik irteteko "erreminta garrantzitsua" izan daiteke bideo-jokoen jarduera. Baina horretarako, "jakina, sektore horrek babesa ere behar du", eskatzen du Azkondok.
"Ikusmin handia dugu"
DigiPen-en bi ikasle debagoiendar daude: Jon Sanchez aretxabaletarra (22 urte) eta Markel Madina oñatiarra (19 urte). Jonek Mondragon Unibertsitatean Ingeniaritza Informatikoa ikasi du; Markel Batxilergotik dator. Biak bideo-jokoen zaleak dira eta programazioa ikasten dute DigiPen-en. Euren lan-etorkizuna "urruti" ikusten duten arren, "ikusmin handiarekin" daudela diote: "Euskal Herrian oraindik ez dago bideo-joko enpresa asko; baina pentsatzen dugu orain hasiko dela zerbait mugitzen". Dagoeneko goraldian dagoen jarduera bat azpimarratzen dute: "Orain, edozeinek igo ditzake Internetera joko txikiak. Oraingo joera handiena telefono mugikorrerako jokoak egitea da; diru asko ibiliko da horren inguruan".
Hezkuntzarako onak
Garapen ekonomiko hori bideo-jokoei begiratzeko modu berri batekin dator. HUHEZI fakultateak Bideo-jokoak eta hezkuntza gaia aukeratu du aurtengo Komunikaldietarako, honengatik: "Behin eta berriro aipatzen dugu teknologia berriak zein inportanteak diren, zer betebehar interesgarria duten irakaskuntzan, zelako garrantzia duten euskararentzat... baina bideo-jokoak erabat ahaztuta ditugu". HUHEZIren iritziz, "uste dugu bideo-jokoek bakartu egiten dituztela gure seme-alabak, eta biolentziaz josita daudela".
Javier Echeverria ikertzailearen hitzak aipatzen ditu HUHEZIk: "Bideo-jokoek xehetasuna, azkartasuna, egokitzapena, ikasketa eta gaitasun kognitiboak garatzen dituzte. Gainera, hezkuntzarako, berriztapenerako eta sozializaziorako garrantzitsuak dira".
Begoña Gros pedagogoak asko ikertu du bideo-jokoen gainean. Bere esanetan, "curriculumeko eduki asko lan daitezke bideo-jokoekin", eta haiek "esplotatu" beharko lituzkete irakasleek. Bere iritziz, bideo-joko gehienak erabil daitezke hezteko; eduki negatiboak dituztenak balioak lantzeko abiapuntu ontzat dauzka.
-------------------------
Alde on asko dituzte
Elkarlana eta sozializazioa sustatzen dute. Izan ere, gero eta arrakastatsuagoak dira taldean jokatzeko bideo-jokoak. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lantzeko balio dute: gero eta joko gehiagotan aukera daiteke gizonezko edo emakumezko pertsonaia izan nahi den; emakumezko pertsonaiak gero eta gutxiago jausten dira estereotipoetan. Askotariko trebeziak eta gaitasunak garatzen laguntzen dute. Ume gehienendako, teknologiaren mundura sarrera erakargarria dira. Jokoen edukien gainean gogoeta eginda, baloreak ikasteko tresna dibertigarria dira.
-------------------------
Huheziren komunikaldiak
09:00 Ongietorria.
09:15 Bideo-jokoak, fenomeno unibertsala, baita gurean ere (Jone Zubiaga, Creativity Zentrum).
10:00 Zelan egiten den bideo-joko bat (Asier Quesada, Delirium Studios).
11:15 Zelan txertatu bideo-jokoak hezkuntzan (Carlos González Tardón, Serious Games).
12:00 Demoak.
13:00 Bazkaria.
15:30 Mahai-ingurua: Bideo-jokoak Euskal Herrian. Hiru esperientzia.
Igor Leturia (moderatzailea).
Iruri Knorr (Ideateca).
Fran Bodego (Ikasplay).
Juan Luis Laskurain (DigiPen).
Josu Cobelo (Dada Company).




