xabier urtzelai | arrasate
Denboraldian zehar hainbatetan igoko duten Arlabango mendatearen ondo-ondoan, Dorletako Amako santutegian hasi zuten klubekoek taldearen aurkezpen- kitaldia. Goizeko lehenengo orduan meza entzun eta amabirginari lore eskaintza egin zioten, eta ondoren Eskoriatzara jaitsi ziren, Manolo Zubillagaren eskutik herritarren aurrean ziklistak banan-banan aurkeztera. Aurten, gainera, nobebade handia dute, klubak afizionatu mailan taldea izango duelako, Debagoienean bakarra.
Apustu sendoa
Iaz gazte mailan lehiatu ziren ziklistek txirrindularitzan jarraipena izan dezaten ahalegin berezia egin dute Dorletako Amako ordezkariek. Izan ere, afizionatu mailan hainbat talde desagertu egin dira, eta zaila da kategoria horretan lekua izatea. Hala, txirrindulari askok bertan behera utzi behar izaten dute kirola aurrera egiteko aukerarik izaten ez dutelako, eta Dorletako Amakoek ez dute euren txirrindulariendako halakorik nahi izan. Taldea atera ahal izateko ez da babesleak animatzeko sasoirik onena, baina Leintz aldeko ziklismo taldeak lortu du helburua, eta Kanpanzar Harrobiak eta Bañu Etxe enpresek babestuko dute afizionatu mailako taldea.
Talde erdia debagoiendarra da, iazko Mugarri-Jay eta Aloña Mendiko gazte mailako ziklistek osatuko dutena, eta beste erdia osatzeko hainbat gipuzkoar, arabar eta errioxar bat gonbidatu dituzte taldera. Aurkezpenean Isaak Kortabarriak –Dorletako Amako presidentea– onartu moduan lasterketetan parte-hartzekoa asmoz sortu dute taldea, ziklistei kategoria horretan lehiatzeko aukera emateko: "Baina lortzen ditugun emaitza on guztiak ongi-etorriak izango dira. Taldea ezagutzera ematea da nahi duguna".
Horretarako, klubeko ordezkariek nahi beste lan izango dute aurtengo denboraldian, afizionatu mailako taldea izanda ere Dorletako Amak harrobiko talde izaten jarraituko duelako, kategoria txikienetatik hasi eta gazte mailara arte. Horrekin batera, aurten ere mendiko bizikletako taldeak izango dituzte, Lizarralde Kirolak batetik –kadete, gazte maila, elite eta 23 urtez azpikoak–, eta CDR taldekoak –master kategoriakoak– bestetik. Errepidean, Mugarri-Jayk jarraituko du gazteekin lanean, Kobate Harrobiak enpresak kadeteekin, eta kategoria txikietan JMA izango da babeslea. Hala, klubeko ordezkariek eskerrak eman nahi izan zizkien babesleei emandako laguntzagatik, eta aurkezpenean oroigarri bana jaso zuten.