Ze antolakuntza era izango du mugimendu edo plataforma horrek?
Gure helburu nagusia da herritarrak, kolore ezberdinetakoak, batzea ekimenera eta haiek antolatzea modu autonomoan herririk herri. Nazio mailako ekimenak ere egingo ditugu, baina herri eta kantoi guztietan taldeak osatzea nahi dugu. Bilboko manifestazio jendetsuaren modukoak ere egin beharko ditugu, hala ere.
Etxerat, Jaiki Hadi… badira presoen aldeko taldeak. Herrira horiek osatzera dator, ordezkatzera…?
Lan eremuak oso ezberdinak dira. Etxeratek ondoen islatzen du egunerokotasuna. Egunero, edo astebururo, doaz presoak bisitatzera haien senide edota lagunak. Senide eta lagunen gora-beheren isla, bozeramaile edo dinamizatzaile da Etxerat. Haiki Hadiren helburua da osasun asistentzia eskaintzea. Hortaz, bi talde horiek ez dira Herrira bilguneko kide izango, bakoitzaren helburu edo zereginak zehatzak direlako. Horrek ez du esan nahi, jakina, bateko edo bestekoak egongo ez direnik Herriran.
Lau helburu zehatz aipatu dituzue: batetik, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak indargabetzea.
Preso gaixoak askatzea eskatzen dugu; izan ere, kasu batzuk oso gogorrak eta onartezinak dira. Bestalde, Parot doktrina indargabetzea, bertan behera geratzea; hiru laurdenak beteak dituztenak kaleratzea eta, gehienbat, presoak euskal herriratzea.
Beste helburu bat da Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herrian batzea. Posible da hori?
Tamalez, kartzela berriak eraikitzen ari dira Euskal Herrian. Borondatea egonez gero, dena da posible.
Era berean, eskatzen duzue iheslariei prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera irekitzea…
Prozesua aurrera doan heinean eta gurea moduko gatazka politiko armatuak izan dituzten beste herrialde batzuetan gertatu den moduan, hemen ere beharrezkoa da presoak prozesuaren parte izatea.
Azken helburua: preso eta iheslari guztiak etxeratzea. Ze eskatzen duzue, zehazki, amnistia preso guztiendako?
Amnistia beste termino batzuetan kokatzen dugu. Preso eta iheslariak gatazka baten ondorio dira, gure ustez. Eta gatazka gainditzen doan heinean, urrats berriak egingo dira eta guztiaren ondorio izango da preso guztiak aske uztea. Konponbide integrala. Aldiz, horretara iritsi aurretik, preso eta iheslariek parte hartu behar dute konponbide prozesu horretan. Inork ez luke ulertuko konponbide on bat, preso edo iheslarien parte-hartze barik.
Ze alderdi politikok, ze sindikatuk edo gizarte eragilek egin dute bat Herrira ekimenaren helburuekin?
Lanketa handia izan da aurretik. Ate guztiak jo ditugu. Batzuek ireki dizkigute eta beste batzuek, ez. PP, UPN eta PSE-EE izan ezik, gainerakoek ireki dizkigute. Eta ireki ez dizkigutenen arteko norbanako batzuekin ere izan gara. Bestalde, ateak ireki dizkiguten horietako batzuek ez zuten bat egin urtarrilaren 7ko Bilboko manifestazioarekin, baina elkarlanerako gertu agertu dira.
Ze borondate ikusi duzue Madrilgo Gobernuaren artetik eskari horiekiko?
Ez dago borondaterik egoera politiko berri honek eskatzen dituen erantzunak emateko PPren aldetik. Horregatik sortu dugu Herrira, hein batean, hain justu ere, presio sozialaren bidez, mugiarazteko Madrilgo eta Parisko gobernuak.
Gallardon Justizia ministroak esan du presoen irtenbide indibidualak edo banan banakoak bultzatuko dituztela.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) bere eztabaidak izan ditu. Kolektibo horrek erantzungo die Gallardonek edo PPk kartzela politikarekiko darabilten politikei. Horrek ez du esan nahi presoek irtenbide bakarkakoak planteatzen ez dituztenik, bakoitzaren egoera ezberdina delako. Kolektiboak onartutako erabakia izanda ere, presoek bakarka eskatu dute Euskal Herrira ekarriak izan daitezela, edota hiru laurdenak beteta dituztenak eta preso gaixoak libre utz ditzatela.
Kartzela politikari dagokionez, eta lehen urrats moduan, zer eskatzen diozue Raxoiren Gobernuari?
Preso gaixoen inguruan kokatzen ditugu indar handienak. Azkenaldian gertaera larriak izan dira eta bi presok bihotzekoak pairatu dituzte. Hori da orain lehentasuna, egoera larrienean daudenei erantzutea. Beste egoera batean ezarri ziren bengantza politikoan oinarritutako legeak edo taktikak, gaur egungo testuinguruan ez daukate zerikusirik. Prozesuari abiada emango lioke halako premiazko eta oinarrizko neurriak hartuko balituzte.
Euskal sozialistek eskatu diote Raxoiri malgu dezala kartzela politika…
Urtarrilaren 7ko manifestazioaren ondoren, alderdi politiko guztiek birplanteatu dituzte euren mezuak. Zelanbait esatearren, modulatu egin dute mezua.
Zelan baloratzen duzue Frantziako Asanblada Nazionalak hartutako erabakia, legez, presoek euren etxeetatik ahalik eta gertuen egoteko?
Madrilen irizpideen arabera mugitu izan da Paris kartzela politikari dagokionez. Orain hartu duten neurria baikortasunez hartzen dugu. Baina hitzetatik ekintzetara pasatu behar dute.
Etxeratek, bestalde, salatu du Frantzian dauden hainbat euskal presoren kontrako neurriak hartu dituztela…
Bai, Frantzian hala gertatzen da: orain, harea; orain, karea. Frantzian dauden presoen egoera oso larria da. Oso gogor tratatzen dituzte presoak Frantziako espetxeetan. Justizia frantziarra Europako kaskarrenetakoa da. Eskubideen urraketa eguneroko kontua da. Eta sakabanaketa are eta larriagoa da han, preso gutxiago daudelako.
Langraitzen dauden eta Euskal Preso Politikoen Kolektibotik kanpo dauden presoekiko ze jarrera du Herrira ekimenak?
Preso ororen eskubideen alde gaude. Beste gauza bat da nork bere burua non kokatzen duen. Bada, Langraitzeko presoek euren burua kokatu dute EPPK kolektibotik kanpo. Herrira ekimenaren helburuetatik lanpo daude. Baina eskubide ororen aldeko borroka egingo dugu.