1. Eman iezaguzu inbidia apur bat. Nondik nora ibili zinen 2011n?
Brasilen, Australian, Europan, Hego Amerikan, Kalifornian, Hawaiin... izan nintzen. Hainbeste bidaiatzeak badu alde negatiborik, baina gauza onek orekatzen dute; ez gaude kexatzeko moduan!
2. Lehenengoz igoko naiz surf taulara. Zein da aholku nagusia?
Ez etsitzea, hori da garrantzitsuena. Denetan bezala, hasieran kosta egiten da, baina pazientziarekin hartu eta gogoa jarrita, lehenago edo geroago denok lortzen dugu taula gainean tente jartzea.
3. Olatu baten barruan zaudenean, zer pasatzen zaizu burutik?
Hori da gustatzen zaiguna, tuboa egitea, eta lortzean denbora geratu egiten dela dirudi. Horren bila ibiltzen gara eta lortutakoan konturatzen zara esfortzu guztiak merezi izan duela; ahalik eta gehien gozatzen duzu.
4. Beldurrak badu lekurik itsasoan?
Bai; nork bere mugak dauzka, eta muga horiek gainditzen direnean beti izaten dira susto txikiak. Baina argi dago urrutira heltzeko, mugak gainditzeko beti pasatu behar direla ezusteko horiek.
5. Gauez ere surfeatu duzu.
Esperientzia ezberdina da. Argidun taulekin ibili naiz eta kanpotik oso polita ikusten da. Uretan jende gutxiago dagoenez, gainera, olatu gehiago dago bakoitzarentzat!
6. Surflari izateak badu iraungitze datarik?
Ahal den artean, ni beti surflari izango naiz; hezurrek uzten badidate, behintzat, bai. Kirol honetan sartzen bazara, ez da pasatzen den moda bat izaten.
7. Laster irakasle lanetan ikusiko zaitugu telebistan...
Oso esperientzia polita izan da. Niretzako gauza berria izan da eta ondo pasatu dut. Ez nengoen ohituta irakasle lanetara, eta, egia esan, zorte handia izan dugu: surflariak oso esker onekoak izan dira eta feedback ona eman dute.
8. Afizio nagusia ofizio bihurtu duzu. Ofizio ez den beste afiziorik?
Ofizio eta afizio honek eman didan gauza politena bidaiatzea izan da: kultura ezberdinak ezagutzea, jende ezberdinarekin erlazionatzea. Ikastolan gauza batzuk ikas daitezke, baina bidaiatzeak beste gauza batzuk irakasten ditu, ikastolakoak bezain garrantzitsuak.
9. Elkarrizketa daiteke surflari bat lige kontuez galdetu barik?
Betiko topikoa da. Surfa edozeinek egiten du; ligatzeko balio duenak berdin ligatuko du surflaria izan edo ez, eta alderantziz. Ez dut uste abantaila denik.
10. Munduan zehar sarri; baina Oñatin, azkenekoz, noiz?
Eguberri egunean; egun horretan, behintzat, urtero joaten naiz. Nahiko nuke sarriago joan, baina dudan egutegi itxiarekin...
-------------------------
Makila magikoa baneuka: "Hasteko, Oñatin olatuak jarriko nituzke... Eta beste alde batetik, bidaietan ikusi ditudan gauza guztiak ikusi ostean, mundu guztiari jaten emango nioke. Leku liluragarrietan egon arren, horietan ere denetarik ikusten duzu".