Bergara-Mondra derbia: "Aluminiozko botak hartu eta gerrara"

Xabier Urtzelai 2012ko otsailaren 10a

Bergarak eta Mondrak derbia jokatuko dute bihar, zapatua, Agorrosinen (16:30). Azkeneko derbian –duela pare bat aste– Bergarak Aretxabaletaren kontra erakutsi zuen Agorrosingo berdegunea bigun dagoenean borroka ondoen egiten duenak batzen dituela hiru puntuak.

Biharko derbian ez espero joko onik; bata bestearen ostean egindako pasez osatutako jokaldiak. Ez. Hau ohorezko erregionala da –errespetu guztiarekin– eta futbol zelaia bigun-bigun egongo da. Borrokarako ordua da, eta Mondrako entrenatzaile Iban Rodriguezek eman du abisua: "Jokalariei esan diet aluminiozko botak jantzi eta gerrarako prest egoteko", esan digu brometan.

Broma bai, baina Bergarako entrenatzaile Neka Galanek baieztatu digu zapatuan zaleek zerekin egingo duten topo: "Aretxabaletaren kontra egin genuen joko bera errepikatzen ahaleginduko gara: "Azkar jokatu, adi bigarren jokaldiekin, hegalak aprobetxatu eta borrokarako gertu egon".

Alde horretatik, partidua prestatzeko Galan ez da sailkapenera begira egon: "Mondra oso talde arriskutsua da, taularen aurrealdean egon daitezkeen talde batzuek baino beldur handiagoa ematen didate. Errespetu osoz prestatu dugu partidua, ez goaz ezer oparitzera, guk ere puntuak behar ditugulako".

Mondrak beste garaipen bat behar du kategoriari eusteko erabateko borrokan sartzeko: "Min hartuta geneukan jokalari bat edo beste errekuperatu dugu, eta azken emaitzek moralki mesede egin digute. Baina borroka luzea geratzen zaigu oraindik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak