Taldearen helburu nagusia emaitzak lortzea izan barik, Antxintxika beste talde indartsu batzuen aurretik sailkatu da; SVC –Eneko Llanosen taldea– Zarautz edo Atletiko San Sebastian moduko taldeen aurretik, alegia: "Gure asmoa ez da taldeko kideak aurreko postuetan ikustea, inoiz ez dugu helburu hori izan, eta babeslerik ez dugunez ez dugu emaitza onak lortzeko inongo konpromisorik, inongo beharrik. Gure filosofia gehiago da bailarako herritarrak kirola egitera animatzea, triatloi eta duatloiak barrutik ezagutu nahi dituztenei aukera ematea. Baina noski, emaitza onak lortzen ditugunean poztu egiten gara, eta talde onenaren saria jasotzea garrantzitsua izan da", adierazi du taldeko zuzendarietako batek, Aitor Rementeriak.
Euskadiko Txapelketa, Oñatin
Antxintxikako atletek bakarkako lanean azpimarratzeko moduko emaitzak lortu dituzte 2011n, batez ere gazteek. Baina esanguratsua izan da taldean emakumezkoen alde egindako apustua, eta jaso dituzten emaitzak: "Oñatin egindako Euskadiko Txapelketan, esaterako, emakumezkotan gure ordezkariak lehenengo postuan sailkatu ziren, eta guretako oso pozgarria izan zen hori".
Aurtengo denboraldira begira, Rementeriak onartu du 2011n lortutako lehenengo postu hori defendatzea ez dela taldeak izango duen lehentasuna: "Esango nuke hainbat talderendako erreferentzia garela, baina ez emaitza onak lortzen ditugulako. Gehiago nabarmenduko nuke taldeko kideek harrera oso ona izan duen lasterketa bat antolatzeko egiten duten lana, esaterako. Antxintxika krosak dagoeneko zazpi urte egin ditu, eta gure taldeko inork ez du bertan parte hartzen, antolatzaile lanetan ibiltzen gara denok. Iaz Bergarako 110 herritar animatu ziren lasterketan parte hartzera, eta guztira 509 korrikalari izan ziren, horietako erdiak debagoiendarrak –gainera, azken edizioan eguraldiak ez zuen batere lagundu".
Horrekin batera, parte-hartzearen aldeko apustua egingo dute aurten ere: "Oñatiko duatloian edo Zarauzko triatloian taldeko ordezkari mordoa egon ziren lehian. Esango nuke bi proba horietan izan genituela ordezkari gehien, eta poztekoa da". Iazko garaipenak atzean utzita, Antxintxikako eta Oñati Triatloi Taldeko ordezkariek domekan hasiko dute duatloi denboraldia, Barakaldon.
Mikel Muxika eta Alex Altuna, protagonistak
2011n atleta gazteak nabarmendu ziren Antxintxika taldean. Iaz Alex Altunak lehenengo postua eskuratu zuen Espainiako Neguko Triatloi Txapelketan, eta Arrasatekoa aurten ere podiumean egon da, Jakan egin zuten lasterketan. Hala, Donostiako sari banaketa ekitaldian Altunak bigarren gazte onenaren saria jaso zuen. Aipatzekoa, baita ere, Mikel Muxikak sailkapen orokorrean lortutako laugarren postua, eta 23 urtez azpikoen kategorian lortutako bigarren postua.