Ogasun Departamentuak esan du "prest" dagoela proposamen berriaren nondik norakoak aztertzeko.
Ogasun Departamentuak gogorarazten duenez, bi bilera izan ditu alkate guztiekin, irailean eta otsailean. Bi aldietan zerga-bilketaren bilakaeraren berri eman zien Aldundiak: 2011ko aurrekontuetan aurreikusitako kopuruekiko "desbideratze esanguratsua" nabarmendu zuen, eta horrek Foru Funtsaren itzulketan izango zuen eraginaz ohartarazi zien. Ogasunak gogora ekartzen du irailean aurreratu ziela "ziurrenik desbideratze horren %50
otsailean bertan deskontatuko zela".
"Orain mahai gainean jarri den proposamen berria inork ez du aurkeztu aurreko bi bileretan", dio Foru Aldundiak; ez eta udalekin banaka izan dituen batzarretan, gaineratzen du.
Honako balorazioa egiten du Ogasun departamentuak: "Aldundiak uste du planteamentua egokia dela kontrolik gabeko zorpetzearen arazoari behingoz aurre egiteko. Hala ere, jakin badaki udal planteamentu exijentea dela, eta batzuentzat zailtasunak izango direla. Horrexegatik planteatu zituen beste zenbait aukera (finantza erakundeekin
hitzarmen marko bat eta kudeaketa partekatua), eta gainera udalen finantzazioa hobetuko duten zenbait konpromiso hartu zituen (Ekarpen Legean aldaketak eskatzea negoziazioan, udalek jasotzen duten portzentajea 2013ra arte igotzea, UFFFaren banaketa irizpideak berraztertzea, udal zergetan aldaketak...)".