ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek positiboki baloratu dute gaurko egunerako lau orduko lanuzteak izandako erantzuna. Debagoieneko udaleko eta eskola publikoko langile gehienek bat egin dute grebarekin eta Osakidetzaren zerbitzu minimoak gehiegizkoa direla salatu dute. ELAren esanetan, zerbitzu minimoetan pertsonalaren ia %100ak lan egin du.
Lau orduko lanuzteak jarraipen desberdina izan du Debagoieneko Udaletan: Antzuola, Aramaio, Aretxabaleta eta Arrasateko Udal langileek bat egin dute lanuztearekin. Eskoriatzan, berriz, udal langile bakoitzak erabaki du lanera joan edo ez eta Elgeta eta Oñatiko udal langileek ez dute lanuztearekin bat egin.
Sektore publikoko murrizketen aurkako lanuzteak, ez dio garraiobide publikoari eragin, Arrasateko herri barruko autobusak jardun normala egin du.
Debagoieneko eskola publikoko langile gehienek bat egin dute lanuztearekin. Gehienek, lanuzteak iraun duen bitartean zerbitzu minimoak eskaini dituzte, baina badira grebarekin bat egin ez duten ikastetxeak ere. Oñatikoen kasua da, nahiz eta murrizketen kontra daudela adierazi, lanuzterik ez egitea erabaki dute.
Debagoieneko Eskualde Ospitalean, sektore publikoaren aldeko lanuztearekin bat egin dute langileek. Gutxieneko zerbitzuek agintzen duten moduan asteburuetako ordutegia ezarriko dute osasun zerbitzu orokorretan. Hala ere, ospitaleko lanuzteak erabiltzaileen artean eragozpenik sortu ez duela esan digute.