"Langile eta zerbitzu publikoak pairatzen ari diren erasoak" salatu dituzte eta Eusko Jaurlaritzak atzera egin dezala ezarri nahi dituen "murrizketekin".
Sindikatuetako ordezkariek diote, "iraganean Jaurlaritzak egindako murrizketak itzuli eta ezarri nahi dituzten berriak bertan behera utzi" ezean, ez dira negoziaketara itzuliko.
"Gatazka sortu nahian"
Lanuztea deitu duten hiru sindikatuek diote, Eusko Jaurlaritzaren jarrera "arbuiagarria" dela, eta funtzionarioen eta gainerako langileen artean "gatazka sortu nahian" dabilela salatu dute.
Hiru sindikatuek adierazi dutenez, gaur egungo egoera ekonomikoarekin, enplegua suntsitu ordez, "zerbitzu sozialak eta enplegu publikoa areagotu beharko lirateke".
Diputazioan eta Debagoieneko udaletan, bat
Bilduko Foru gobernuko karguek bat egingo dute sindikatuek gaurko egindako deialdiarekin.
Antzuolan, eskolako eta udaleko langileek bat egingo dute grebarekin. Udal langileek 11:00etatik 15:00etara egingo dute lan uztea. Eskolan aldiz, arratsaldean, 14:30etik 16:30era. Goizean normal jardungo dute 09:00etatik 12:30etara; eta jangela zerbitzua ere egongo da.
Aramaion, udaletxea itxita egongo da, nahiz eta langileren batek lan egin. Zerbitzu minimoak mantenduko dira (sarrera erregistroa).
Alkateak ere lanuztearekin bat egingo du eta Gasteizen eguerdian egingo den manifestazioan parte hartuko du liberatuta dauden gainontzeko alkateekin batera. Bestalde, San Martin eskolan irakasleek zein sukaldeko langileek, guztiek, bat egingo dute greba deialdiarekin.
Aretxabaletan, lanuztearekin bat egingo dute Kurtzebarri eskolako eta institutuko irakasleek eta Udal langileek. Osasun etxean gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.
Udaleko langileek, 12:00ak arte lan egingo dute eta gero lanuztea. Kurtzebarri eskolako eta institutuko langileek lanuztea egingo dute 11:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 16:30era. Osasun etxean gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte 11:00etatik 17:00etara bitartean.
Arrasaten, Udala geldirik egongo da lau orduz; goizeko 11:00etatik 15:00ak bitarte. Goizeko 11:00etan elkarretaratzea egingo dute Arrasateko Herriko plazan eta Udal gobernuak (Bildu eta Aralar) dei egiten du bertan parte hartzera.
Salbuespena, Musakolako kiroldegiko langileena izango da; haiek 12:15-16:15 bitarte egingo dute lanuztea.
Grebak ez dio eragingo herriko garraio publikoari, hau da, herribusak normal jardungo du.
Udal hilerrian, berriz, lur-emate eta errauste zerbitzuak emango dituzte eta Iturbide egoitzari dagokionez, zuzeneko arreta zerbitzua eskaintzeaz gainera, klinika laguntzaileek %50eko zerbitzua emango dute.
Arrasateko anbulatorioan ere bat egin dute deialdiarekin eta ospitalak bezala jardungo du, asteburuko ordutegiarekin.
Bergaran, Udaleko langileak eta hautetsiak greba egingo dute 11:00etatik 15:00etara. Tarte honetan igerilekuak ere itxita egongo dira. San Martin plazan elkarretaratzea egingo dute 11:00etatik 11:30era.
Migel Altuna institutuan, greba egingo dute. 11:00etatik 18:00etara egingo dute lanuztea. Halere, ez da loteslea erabakia eta grebarekin ados ez direnek izango dute klasea emateko aukera. Erabat ez dira geldituko beraz... Antzeko egoetan daude Ipintza Inztsitutuan.
San Martin Agirre herri eskolan ere 11:00ak arte dute bakarrik eskola umeek eguenean.
Bergaran, martitzenean egin zuten elkarretaratzea Ipintza institutuaren aurrealdean, eskola publikoko langileek.
Elgetan, Herri eskolako langileen %85ek bat egin dute biharko lanuztearekin; udaletxeko langileek ez. Irakasleek elkarretaratzea egingo dute 11:00etan Herriko plazan.
09:00etatik 11:00etara martxa normala izango dute Herri eskolan, eta 11:00etatik aurrera bi irakasle bakarrik geldituko dira ikastetxean. Jangela zerbitzuak betiko ordutegia eta pertsonala mantenduko ditu. Elgetako udal langileek lanuzterik ez egitea erabaki dute. Osasun zentroan ere esan digute kontsultak normal pasako dituztela.
Eskoriatzan, lau orduko lanuzteak eragina izango du. Luis Ezeiza ikastetxean lanuztea egingo dute. Hango langileek baieztatu dute 09:00etatik 11:00etara eskolak izango direla, eta gero, irakasle eta sukaldari guztiek lanuztea egingo dutela. Osasun etxean, berriz, zerbitzu minimoak izango dituzte goizean. Bestalde, udaletxean jakinarazi digute botaziorik ez dutela egin, eta hortaz, udal langile bakoitzak nahi duena egingo duela.
Oñatin Ikastetxeek eta udal zerbitzuek ez dute bat egingo lanuztearekin. Erantzun eskasa izango du Oñatin. "Murrizketen kontra egon arren", Udal zerbitzuek eta ikastetxeek normaltasunez egingo dute lan. Udal langileak, 11:00etan batuko dira plazan eta Errekalde Herri Eskolako irakasleak eskolak hasi aurretik. Osasun Zentroan langile bakoitzak erabakiko du zer egin, baina zerbitzu minimoak "bermatuta" daudela esan digute.
Debagoieneko Eskualde Ospitalean, sektore publikoaren aldeko lanuztearekin bat egingo dute langileek. Horrek esan gura du, gutxieneko zerbitzuek agintzen duten moduan asteburuetako ordutegia ezarriko dutela osasun zerbitzu orokorretan. Larrialdiek, berriz, betiko moduan 24 orduz jardungo dute.