Debagoieneko udalek 4,5 milioi inguru itzuli beharko dituzte Foru Fondora

Leire Kortabarria 2012ko otsailaren 8a

Udal Foru Fondoari udal bakoitzak zenbat itzuli beharko dion badaki, gutxi gorabehera; izan ere, datua behin-behinekoa da. Datu hori Foru Aldundiak jakinarazi dio udal bakoitzari. Debagoieneko zortzi udalek, denetara, 4,5 milioi pasatxo inguruko zorra dute.

Behin betiko datua hilaren 14an Finantzen Euskal Kontseilua batzartu eta gero jakingo dute. Baina "aldatuko ez" den kopurua lehenengo ordainketan, otsailaren 25ean ordaindu behar izango dutena da: gutxi gorabehera, zor osoaren erdia.

Foru Fondoak gutuna bidali dio Gipuzkoako udal bakoitzeko kontu-hartzaileari, udal horretarako behin-behineko diru-kopuruarekin. Diru hori Udal Foru Fondoaren aurrekontuaren eta gerora egindako likidazioaren arteko aldea da; alde negatiboa udalendako.

Foru Aldundiko ordezkarien esanetan, otsailaren 14ko batzarretik irteten den datua oraingoaren "oso antzekoa" izango da; "baliteke doiketa txiki bat egotea", gaineratu dute.

Otsailaren 25ean, Udal Foru Fondoaren aurrekontuaren eta likidazioaren arteko aldearen erdia ordaindu beharko dute udalek. Kopuru hori finkatuta dago eta "ez da aldatuko", Aldundiak ohartarazi duen moduan.

Debagoienaren kasuan, zortzi udalek 2.136.100,43 euro ordaindu beharko dituzte otsailaren 25ean, herriz herri honela banatuta:

  • Antzuola: 72.686,03
  • Aretxabaleta: 225.487,80
  • Elgeta: 37.653,85
  • Eskoriatza: 137.552,72
  • Arrasate: 746.700,40
  • Oñati: 368.818,87
  • Leintz Gatzaga: 13.218,16
  • Bergara: 497.310,59
  • EUDELi dagokion zatia: 36.672,01

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak