Donostiako Zinemaldiko Culinary Zinema eta Berlinaleko Kulinarisches Kino sailen arteko lankidetzatik sortu da ekimena. Culinary Zinema gastronomiari buruzko saila Donostiako jaialdiaren azken edizioan jarri zuten abian Basque Culinary Centerrek eta Zinemaldiak berak elkarlanean, eta aurrerantzean ere bere tokia izango du.
Basque Day deituko da jardunaldia eta Espainiako enbaxadoreak, Kultura sailburu Blanca Urgellek eta Turismo zuzendari Isabel Muelak parte hartuko dute. Jardunaldiaren barruan, Euskadiko nekazal produktuen erakusketa bat antolatuko da. Amaia Barrenak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza saileko Berrikuntza eta Elikagaien Industrien zuzendaritzako buruak, ekimenaren aurkezpena egingo du.
Gastronomia, artea eta gizartea delako mahai-ingurua egingo dute Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizega, Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos, Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak eta Eneko Atxa sukaldariek eta Thomas Struck Kulinarisches Kino sailaren zuzendariak. Bestalde, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, Felipe Ugarte musikariak emanaldia egingo du Beñat Iturriozekin (txalaparta) eta Mikel Aristegirekin (dantza) batera.