Gipuzkoako Foru Aldundiak, Martin Garitano ahaldun nagusia buru, bilera egin zuen egubakoitzean herrialdeko alkate eta udal ordezkariekin, Foru Funtseko itzulketa egiteko aukeren gaineko azalpenak emateko. Bilera horretan Debagoieneko hainbat ordezkari izan ziren, Arrasate, Bergara eta Antzuolako alkateak, besteak beste, eta gainerakoek ere jaso dute bertan azaldutakoen gaineko informazioa.
Goiena bailarako hainbat herritako alkateekin jarri da harremanetan, eta hauek adierazitakoaren arabera Debagoieneko udalek ez lukete arazorik izan behar aurreneko ordainketa egiteko; hori da, adibidez, Arrasate, Eskoriatza eta Antzuolaren kasua.
Diputazioak ezarritako epeen arabera, udalek otsailean egin beharko dute itzuli beharreko diru kopuruaren erdiaren ordainketa. Arrasate, Eskoriatza eta Antzuolako alkateen arabera, aurtengo aurreikuspenetan kontuan izan zuten diru hori, eta Aldundiak eskatutakoa beteko dute.
Beste erdia, hiru epetan
Beste erdiaren itzulketa egiteko, aukera desberdinak eman ditu Diputazioak. Nondik ordaindu baduten udalek, hiru epetan itzuli beharko dute, aurten bertan.
Bestela, 2014 urtera bitartean ordaindu ahal izango duten kreditu berezi bat eskatzeko aukera eman die Diputazioak udalei.
Azkenik, egoera larriena duten udalen diru kontuen kudeaketan Diputazioak parte hartzeko aukera ere eman zuten. Goienak kontsultatutako udalen kasua, behintzat, ez da hau izango.