India munduko biztanle gehien dituen bigarren herrialdea da eta zazpigarrena hedaduran. Gaur egun, munduko ekonomia handienen artean laugarrena da eta, aurreikuspenen arabera, 2015. urterako hirugarren postura iritsiko da, Japonia gaindituta. Industria Sailak martxoaren 19ko astean Indiarako Enpresa eta Erakunde Misioa egingo du.
Gipuzkoako Ganberaren egoitzan egin zuten informazio-jardunaldia, eta merkatu horrek eskaintzen dituen aukerak aurkeztea izan da helburua.
Industria Sailaren esanetan, "argi dago Indiako merkatuak, baita misioak berak ere, interes handia eragiten duela euskal enpresetan".
Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren eta Euskal Ganberen ustez, "India jardunerako nahitaezko herrialdea da, euskal enpresak espezializatuta dauden sektore askotan merkatu zabala duelako gaur egun eta, are garrantzitsuagoa dena, hazkunde-potentzial handia duelako". Euskal enpresendako beste abantaila batzuk ditu: "sistema politiko demokratikoa, egonkortasun makroekonomikoa, lan-kostuak Asiako antzeko beste herrialdeetan baino txikiagoak eta lanerako indarrak ingelesez badakielako eta prestakuntza ona duelako". Nazioarteko Moneta Funtsaren arabera, Indiako ekonomiaren hazkunde-aurreikuspenak hauek dira: 2011. urtean % 8,2 eta 2012an % 7,9.
Mondragonen kanpoko bigarren industrialdea
Mondragon Korporazioak urteko lehen erdian inauguratuko du Indiako bere industrialdea, Pune hirian. Nazioartean duen bigarren industrialdea izango da, Txinan, Kunshanen duenaz gain. Urtarrileko TU Lankide aldizkariak ematen du horren berri. Nazioarteko atalean, korporazioaren mugarri garrantzitsuenetako bat izango dela esaten du Mondragonen barne aldizkariak.
"Kunshangoaren estilokoa izango da, baina bi kokapen izango ditu. Denetara, 220.000 metro koadro izango dira, eta korporazioko enpresen ekoizpen-instalazio berriak zein han ezartzeko interesa duten euskal enpresak kokatu ahal izango dira han", esaten du TU Lankide-k.