Freedom Boys taldearekin punk eta oi! doinuak Inkernun

Ander Monedero 2012ko otsailaren 5a

Eskoriatza eta Aretxabaletako gaztetxoek osatzen duten taldeak bete egin zuen Inkernu taberna

Freedom Boys taldeak ibilbideko hirugarren kontzertua jo zuen egubakoitz iluntzean Eskoriatzako Inkernu tabernan. Eskoriatzako eta Aretxabaletako lau gaztek –Unanue, Santama, Aitzol  eta Garai– osatzen dute taldea, eta energia eta gogoz beteriko kontzertua izan zen.

Taldeak, aurretik, Eskoriatzako gaztelekuan eta Aretxabaletako Andramaixetan jo du eta kontzertuak pasa ahala oholtza gainean gero eta gusturago daudela nabaritzen da.

Freedom Boys taldearen hirugarren kontzertuak ikusmin handia sortu zuen, batez ere, beraien lagun, inguruko, eta punk eta oi! zaleengan. Izan ere, taberna leporaino betetzea lortu zuten. Kontzertuari dagokionez, ordubete inguru iraun zuen emanaldia eskaini zuten eta bertsioz jositako emanaldia izan zen: Rip, Des-kontrol, Kañeria 13, 2 Minutos, Arkada Social...

Baina gazte talde honek egindako abestiak ere jo zituzten: Gure Iraultza edo taldearen ikur den Betiko lagunak abestia. Energiaz beteriko abesti honetan, lagunez, gaueko istorioez eta gustuko duten musikaz hitz egiten dute. Oi! musika, garagardoa eta lagunak dira taldearen ikurretako batzuk.

Kontzertua bukatzeko, Rip talde arrasatearraren Mundo Muerto bertsioa egin zuten. Horrela jarraituz gero, etorkizun handia dute gazte hauek; izan ere, Freedom Boys taldeko kideak 15 urteren bueltan dabiltza eta jotzen duten musika bizi egiten dutela nabaritzen da. Segi horrela Freedom Boys!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak