Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du Kutxako Gizartekintza planean parte hartuko "bazterketa politikoari eusten" zaion artean

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko otsailaren 4a

Gipuzkoako Kutxako Gizartekintzaren lau urteko plangintzan parte hartzeari "uko egingo" dio Foru Aldundiak, entitate horretako erabaki guneetan "bazterketa politikoa indarrean" dagoen heinean. Halaxe eman du aditzera ohar bidez Gipuzkoako Foru Aldundiak.

"Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia lau urteko plangintzaren diseinuan parte hartzekoak ziren, erakunde sortzaileak diren aldetik. Eguenean, EAJk, PSEk, PPk eta UpyDk kutxetako batzarrak atzeratzeko erabakia hartu zutenez, Bildu baztertzea erabaki zuten" dio Gipuzkoako Foru Aldundiak.

"Erabaki horrek baztertuta uzten du Gipuzkoako Foru Aldundia". Bere garaian eratutako Administrazio Kontseilua "ilegitimoa" delako eta aipatu alderdiek "bidegabekeria horrekin jarraitu nahian" kutxetako batzarrak atzeratzea erabaki dutelako, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuen parte hartu, atzo, datozen lau urteotako Gizartekintza diseinatzeko saioan. "Entitate sortzaile gisa, egoera honi irtenbide orokor eta integrala" bilatu behar zaiola dio Foru Aldundiak.

Aldundiaren iritziz, alderdi politiko guztiak ordezkatuko dituen Administrazio Kontseilu berriari dagokio Gizatekintza gidatzea, eta ez "lehen indar politikoa baztertzea oinarritzat duen Administrazio Kontseilu ilegitimo bati".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak