Zer moduz joan zen Kursaaleko Bertso Eguna?
Bertso Egun luzea izan zen eta primeran pasa genuen. Kursaalekoa izan zen jaialdi handia, 1.800 lagun batu ginen bertara, baina eguerditik hasi ginen. Bretxako merkatuan, Konstituzio plazan, Victoria Eugenian, ibili ginen bertsotan. Azken honek 100 urte betetzen ditu aurten eta Kursaalera begira aritu ziren bertsolariak.
Zertan aldatu da bertsolaritza azkeneko 25 urteotan?
Ondo egindako galdera da, baina, akaso, errazagoa da galdetzea zertan ez den aldatu. Publikoa eta bertsolaritza behar dira bertsogintzarako. Baina, garrantzizkoena den horretaz gain, aldatu, beste guztia aldatu da. Gaurko gaiek eta lehenagokoek ez dute zerikusirik, ezta bertsolarien profilek ere… Nire gusturako, umorea gehiago landu beharra ikusten dut. Bertso potolo, tragiko, transzendental… luze horiek egiten ditugu, bereziki. Jendeak gauzak laburrago edo trinkoagoak eskatzen dituenean, bederatzi puntuko habanerak-eta egiten ibiltzea, ba, ez dakit… Bertso oso sakonak egin daitezke zortziko txikian ere. Ondo pasatzen dut bertso sakon eta serioekin ere, baina umorea behar da, mota askotakoa izan daiteke, gainera.
Bertsozale Elkartea?
Hasieran, normala den moduan, gutxiago ginen. Sorreran, Bertsolari Elkartea zen gurea eta gaur egun Bertsozale Elkartea da. Uste dut asmatu genuena; izan ere, horrekin, jende gehiago inplikatzeko aukera eskaini baitzen. Horretaz gain, hezkuntza arautuan sartzearekin batera, bertsolaritza gehien gustatzen zaion jendea erakartzeko, bertso eskoletara erakartzeko, modua egin da. Estrategikoak dira bertso eskolak eta 300 baino gehiago dira gaur egun. Halere, esan behar dut, egiten den guztia ez dela Bertsozale Elkartetik bakarrik egiten. Lanean, urte askoan, jende asko dabil bertsolaritzaren munduan.
Bizi daiteke bertsolari bat bertsotik, ezta?
Bertsoetatik bakarrik ez dut uste inoiz eta inor bizi izan denik. Beste alor batzuk ere jorratu behar izan dituzte, bai Amurizak, bai Egañak… Egi-egia esan, uste dut aberatsagoa dela pertsonarendako beste hainbat alorretan ere jardutea.
20.000 ikasle dituzte gaur egun bertso eskolek…
Bai, datu hori ere oso esanguratsua da. Bestalde, aurtengo ikasturtean ikastolen elkartearekin hitzarmena sinatu dugu eta horrek ere asko laguntzen du. Horrelako erakunde batekin hitzarmena eta elkarlana sustatzea guretako garrantzitsua da. Helburua ez da denok bertsolari izatea eta denak bertsotan jartzea, baizik eta ahozkotasuna lantzea, hizkuntzarekin jolas egitea, piztea euskarazko ahozkotasunarekiko grina.
Azkeneko egunotan bertsolariekin egiten dabiltzan ikerketa berezi batek deitu du arreta.
Bertsolariok burua landu egiten dugu, entrenatu egiten dugu, badaukagu abilitatea. Ikertzen dabiltza guk egiten dugun entrenamendu horrek zertarako gaitasuna eman diezaiokeen edozein herritarri. Gazteak ikusten ditugu, gizenak, argalak, garaiak, txikiak; gustu, joera eta janzkera ezberdinekoak. Askotarikoak. Hezkuntzara bagoaz, ostera, 0 eta 16 urte bitartean denek entrenamendu berdinak egiten dituzte. Gehienak, ondo ez dabiltzanak bereziki, nazka-nazka eginda daude. Orduan, bertsolaritzak ematen badu entrenamendu mota ezberdina egiteko aukera eta probatzen duenak ondo pasatzen badu, iker dezagun, ea ze entrenamendu mota eta ze balio erantsi emateko tresna sortzen dugun. Jendartea geroago eta igualago, globalago, uniformeago izan ez dadin.
Asier Altunak dio bertsolaritza gaztea eta emakumeena dela.
Bertsolaritzan, emakumezkoek badute bide bat egin gabe, batez ere gizonezkoek egina dutelako, eta gauzak, sentimenduak… adierazteko modua ez delako bera, hiztegia ere ez delako bera, gaiari heltzeko modua ere ez… Berriro jorratu beharra dago. Emakumezkoa da nagusi bertso eskoletan, eskola arteko lehiaketetan… Baina, zer gertatzen da 20 urtetik aurrera? Jendartearen rolak estutzen gaitu? Lehen ere transmisioa amak egiten zuen. Beraz, bertsotan ere ari ziren ipuinekin-eta.
Zergatik dago modan?
Zinema aretoak husten diren bitartean, bertso saioetan aretoak bete egiten ditugu bertsolariok. Uste dut sormen krisia dagoela. Aretoetara gu ikustera datorrena gauza berria, berriz inoiz ikusiko ez duena, ikustera dator. Hori izan liteke jendea erakartzeko tresna. Herri hau, bestalde, apustuzalea da eta bertso txapelketak-eta erakartzen dute. Halere, egunez eguneko plazak dira mimatu beharrekoak.
Gipuzkoako bertso txapelketako finalean Kutxako ordezkariari jendeak txistu egin izana zela baloratzen duzu?
Pertsonari baino gehiago erakundeari egin zioten txistu. Zortzi babesle izan ditugu eta bati txistu egin izanak min egin dit. Geu joan ginen babes eske, eta haietako bati txistu egin izana mingarria izan zen guretako. Gure gonbidatua zen. Jendeak eskubidea dauka nahi duena adierazteko, baina gure babesleak hala tratatzea ez zaigu ondo iruditzen.
Polemika txistuetan badago, baina txaloetan ere bai... Martin Garitano ahaldun nagusiari, txaloak jo zitzaizkion.
Norbaitek pentsa dezake politika konkretu bati lerrokatuta dagoela bertsolaritza. Urte askotan beste batzuen eskutik bizi izan badugu erakundeetako politika, ematen du, hori irauli eta beste egoera bat bizitzen gabiltzala… Etorkizunak esango digu bertsolaritzak ze iturritik edaten duen eta ze aniztasun duen. Denbora testigu. Ikusiko dugu. Gustatuko litzaidake denendako txaloak egotea.