Santa Ageda eskean nonahi

Ubane Madera 2012ko otsailaren 3a

Atzo, egubakoitza, hasi ziren Santa Agedaren ohorezko kantuak. Hala egin zuten, esaterako, Arrasateko Arizmendi Ikastolako eta Aramaioko San Martin eskolako ikasleek. Edozelan ere, Santa eske nagusiak asteburuan izango dira Debagoienean. Bezperan, gaur, zapatua, dira hitzordu gehienak: Arrasate, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza, Elgeta eta Leintz Gatzaga. Baina domekarako ere antolatu dituzte ekitaldiak Oñatin, Antzuolan, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Aramaion, berriz, bertan behera geratu da zapatuko ospakizuna, baserrietarako bideak egoera okerrean daudelako.

Santa eskearen bueltako datu deigarrien artean Eskoriatzakoa nabarmentzen da: iragarri dute 14 koadrilak parte hartuko duela Eingeinke elkarteak antolatutako irteeran. Txapela edo zapi gorria gainean dutela, eguerdian bat egin eta kalerik kale ibiliko dira askotariko kintoak eta jarraian bazkaltzera joango dira. 19:00etan, berriz, Banako herrikoia egingo dute.

Domekarako, berriz, dantzarako hitzordua egin dute. 19:00etan neska-mutilen dantza izango da, plazan.

Arrasaten ere jendetsu

Arrasaten ere Santa eske jendetsua espero dute, zapatua tokatzen delako. Era berean, ikastetxeak eta lantegiak itxita egongo direnez, baserri gehiagotan egingo dute geldialdia eskean egiteko. Egun osorako egitaraua prestatu dute: 08:00etako meza entzun ostean bi taldetan banatuko dira: lehen taldea erdigunetik Eroski aldera joango da eta beste taldea, berriz, Bedoña aldera joango da. 14:00etan, adibidez, udaletxe barruko eskaileretan egingo dute kantuan udal ordezkarien aurrean. Gero, Erdiko kaleko Leitze elkartean bazkalduko dute. Koroko kide den Luis Sagasta 'Mane'-ren arabera, 70 bat lagunendako baba-jana prestatu dute.

Bergaran, Aranzadi eta Alai Taldea

Bergaran, berriz, Aranzadi ikastolakoek eta Alai Taldekoen ahotsek girotuko dute eskea. Santa Ageda eta San Martin de Agirre ospatzeko aprobetxatuko dute, gainera. Antzinako kaiku berde dotoreak jantzi eta ohiko kalejira egingo dute Alai Taldekoek, 18:00etan hasita, San Martin plazan.

Aranzadikoak eguerdian eta iluntzean aterako dira. Eguerdian, ikasleak, gurasoak eta irakasleak. 12:00etan, Lehen Hezkuntzakoak eta, 12:30ean, Haur Hezkuntzakoak. Bi taldeak San Martin plazatik. Bakoitzak bere ibilbidea egingo du eta, azken zatia, guztiak batera, San Martin plazan amaitzeko.

Iluntzean, 19:30ean, gurasoak, irakasleak eta, oro har, herritarrak, aterako dira kantura. Kalerik kale eta tabernarik taberna ibiliko dira eta, ostean, denek batera afalduko dute.

Gatzagan eta Elgetan guraso elkarteen eskutik

Ibarreko herri txikiei dagokienez, guraso elkarteek hartu dute eskea antolatzeko ardura.

Gatzagan Gurelek egin die deia ume eta gurasoei kantuan jarduteko, 18:00etan.

Elgetan, berriz, Maala elkarteak hartu du gidaritza. Goiztiarrak izango dira, gainera, 10:30ean elkartuko dira-eta eskola aurrean. Eta gainera, amaitutakoan salda banatuko dute, plazan.

Aretxabaletan zapatu eta domekan

Kintoek dute hitzordua Aretxabaletako baserrietako ibilbidea egiteko, zapatuan eta domekan kalean. Bestelakoen artean, dantza saioa egingo dute plazan, 19:00etan.

Antzuolan eta Oñatin domekan

Antzuolari dagokionez, ospakizunei ekingo die txistularien dianak, 10:00etan. Galartza auzoko ermitan, 11:45ean, kanpai hotsa eta suziriak izango dira. 12:30ean meza eta 13:00etan salda, ardoa eta pintxoak, soinu eta panderoaren laguntzarekin. Baina bezperan kintoak arituko dira Santa eskean, baserriz baserri, auzoz auzo, kantuan eta eskean. Eta zapatuan abesbatzakoak aterako dira abestera, 18:30ean.

Eta Oñatin, berriz, kintoen ardura izango da Santa Agedari ohore egitea. Herriko kale nagusienetan ibiliko dira, 80-90 bat gazte. Baserritar jantzita eta trikitien laguntzarekin jardungo dute. Etxerik etxe ere pasako dira, dirua batzeko. Eta ohi duten moduan, hurrengo zapatuan, otsailaren 11n ere aterako dira, kasu horretan, auzoz auzo.

Aramaion, San Martin eskolakoak bai

Eguraldiak baldintzatu egin du Santa Ageda bezperako ospakizuna San Martin herri eskolako ikasleendako. Izan ere, haur hezkuntzakoak ezik beste ikasle guztiek baserri auzoetan abestu izan dute urtero baina aurten guztiek kalean abestu behar izan dute elurrak eta izotzak eraginda. Hirugarren mailatik aurrerakoak izan dira apur bat aldendu direnak, Ibarra auzo inguruko baserrietara, hain justu.

Guztiak ere gustura aritu dira eztarriak berotzen. Tarteka, hotza ahazteko, eguzkia izan dute lagun, gainera. Eta, nola ez, udaletxean abestu ondoren hamarrateko ederra egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak