Txamarra eta mendiko boten salmentek gora egin dute egunotan

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko otsailaren 3a

Tenperatura hotza dela-eta, kirol dendetan eguraldiari aurre egiteko hainbat arropa eta osagarri saldu dituzte egunotan: txanoak, eskularruak eta baita trineoak ere, esaterako. Aurtengo neguan orain arte ez du horrenbesteko hotzik egin, eta orain igo dira salmentak, esan moduan, kirol dendetan.

Heldu da hotza. Eta horrekin batera, heldu da ordua armairu eta kajoietatik eskularruak, txanoak eta bestelakoak ateratzeko. Edota dendara joan eta horiek erosteko. Kirol dendetan, esaterako, atzoko egunean eta baita gaur ere mugimendu handia dabil; jendea azken orduan elurrari aurre egiteko arropa erosten dabil. Aurtengo neguan orain arte ez du horrenbeste hotzik egin, eta orain, jendeak hainbat arropa eta osagarriren beharra sentitu duenean, hasi da falta zitzaien hori erosten. Jendea zeren bila joan den? Hauexek dira egunotan gehien saldu dituzten osagarriak eta materialak: eskularruak, gorrak, polainak eta baita trineoak ere. Horiez gain, txamarra eta mendiko bota ugari ere saldu dituzte Arrasateko Loramendin. Kalean jendea goraino jantzita ikusi ahal izan dugu, denak hotzari aurre egin nahian. Datozen egunotan ere, tenperatura hotzak izango ditugula iragarri dute, beraz, ez ahaztu, kalera ateratzerako orduan, zuen beroki, eskularru, bufanda eta txanoak hartzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak