Protokoloak martxan, gorabeherarik ez

Leire Kortabarria 2012ko otsailaren 2a

Elurraren aurkako protokoloak martxan daude, baina herri gehienetan ez dago arazorik, eta udal langileak lasai dabiltza, momentuz.

Bergaran, brigadako kideak atzo batzartu ziren eta baliabide guztiak eskura dituzte: makina hondeatzaileak errentan hartzeko aukera, eta 30 tona gatz. Dena dela, "oraindik beharrik ez" dela egon esan digu Iñaki San Jose udal langileak: "Bazterrak nahiko garbi daude".

San Josek esan digunez, elurra egiten duenean hainbat jendek dei egiten die etxe-atariak eta garajeetako irteerak garbi ditzaten, baina gaur ez dute halako deirik jaso.

Oñatin, udaltzainek esan digute goizean izan dela eguneko arazo bakarra: Arantzazuko azken zatian, gauean izotza sortu da, eta arriskutsu geratu da tarte bat. Horrez aparte, gatza botatzen ibili dira, eta espaloiak garbitzen.

Bestalde, Udalak baserri bakoitzeko zaku bat edo bi gatz ematen ditu hala eskatzen dutenei, eta dagoeneko pare bat baserritar joan dira horren bila. Dena dela, auzoetan gorabehera handirik ez duela eragin elurrak, horixe dio Udaltzaingoak.

Aretxabaletan ere, "dena gertu" dagoela esan digu Martin Garai udaltzain buruak: "Elurra kentzeko makina gertu daukagu, eta patruilak eginda daude; baina oraingoz dena lasai dago, eta zain gaude".

Herrian "elur biguna" dihardu eta ez dabil arazorik eragiten. Auzoetako bideetan gatza bota dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak