Hasi du zuritzen, nahiz eta errepideetan ez dagoen arazorik

Ubane Madera 2012ko otsailaren 2a

Iragarpenek iragarritako elur eta hotz handiak momentuz ez dira gurera iritsi. Elurra egiten badabil bai, eta tenperaturak ere nabarmen jaitsi dira aurreko egunekin alderatuta, baina momentuz gurera datorren "eguraldi siberiar" horrek ez du arazorik eragin Debagoienean. Errepideak garbi daude, bustita, eta horri esker elurra urtu egiten da jausi ahala. Hala, ez dago arazorik ez AP1en, ez Kanpantzarren, ez Deskargan eta ezta Aramaiorako bidean ere. Tenperaturak zero eta zero azpitik gradu baten artean daude orokorrean, zenbat eta gorago hotzago, jakina. Esaterako, Arantzazun une honetan zero azpitik hiru gradu dituzte. 

*Arrasaten kaleak, auzoak eta errepideak garbi daude

Edozelan ere, Debagoieneko herri gehienetan aktibatuta daude eguraldi txarrari aurre egiteko protokoloak eta datozen orduotarako adi ibiliko dira, egubakoitzerako daude-eta iragarrita tenperaturarik hotzenak. 

Elurra kentzeko makinak eta gatza

Tokian tokiko udalek hartutako neurriez gainera, Aldundiak gertu ditu Urola-Deba barrutirako 17 ekipo oso eta beste bi arin, guztiak ere elurra kentzekoak: hala , besteak beste, Arlabanerak o bi ekipo daude ; Leintz Gatzagarako bat eta beste bat arina; Kanpanzarrerako beste bat dago; Deskargarako, lau; Elgetarako bat eta Azkaraterako beste bat.

Eta izotzari aurre egiteko, berriz, guri dagokigun barrutian 2.300 gatz tona daude; gatz siloak daude Arlabanen eta San Prudentzion bana eta bi Deskargan, besteak beste, eta gatz biltegia San Prudentzion dago. AP-1 autopistari dagokionez, elurra kentzeko hamar ekipo dituzte eta paladun Pick-Up bat. 

Gatza eska daiteke

Horrez gainera, herri gehienetako Udalek ere badute gatza gertu herri barruetan botatzeko, baserrietan banatzeko, eta behar duten herritarrei emateko. Udalean eskatzea besterik ez da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak