Nikolairen eta Jacken ahots arrasatearrak

Arritxu Barruso 2012ko otsailaren 3a

Aner Narbaezi mundua salbatzea tokatu zaio oraingo honetan, baina lan horretan, besteak beste, Jon Zubiaga, mertzenarioa, izango du aurrez aurre. Narbaez Jack da eta Zubiaga Nikolai; bi arrasatearrek Ararchy Reigns bideojoko arrakastatsua bikoiztu dute gaztelaniara.

"Kuriosoa izan zen, bikoiztu beharreko pertsonaien zerrenda eman zidatenean ikusi nuen Jon Zubiagak Nikolairen pertsonaia egin behar zuela, eta berehala deitu nion telefonoz. Bideojoko batean elkarrekin parte hartzen dugun lehenengo aldia izan da", kontatu digu Aner Narbaezek. Bakoitzak pertsonaia bat baino gehiago bikoiztu du Anarchy Reigns-en. Oso pozik daude, arte martzialak eta robotak batzen dituen bidejoko japoniarra Sega etxe indartsuarena delako.  

Lan dibertigarria
Duela hiru urte bikoiztaile ikastaroa egin zuten elkarrekin eta ordutik hona makina bat lan egin dute. Batzuetan tentsio handiko lana den arren, oso dibertigarria dela kontatu digu Zubiagak: "Oso azkar doa dena eta ez daukagu testuak prestatzeko denborarik. Hori da, beharbada, txarrena, baina, bestela, oso ondo pasatzen dugu. Onena emaitza ikustea izaten da. Horrelako pertsonaia bat ikusi eta norberaren ahotsa entzutea kuriosoa da". Nikolai bikoizteko, adibidez, tipo gogor bilakatu eta errusiar azentua ipini behar izan du Zubiagak.  

Etorkizuna bideojokoetan
Narbaezek filmak, dokumentalak eta marrazki bizidunak ere bikoiztu izan ditu, eta baita lauzpabost bideojoko ere. Kontatu digu, hain justu, alor horretan dagoela orain lan gehien: "Zinemaren munduan kalte asko eragin ditu pirateriak, baina hori ez da bideojokoen kasua.Internetetik jaitsitako jokoek arazo asko ematen dituzte oraindik, eta jendeak nahiago du originala erosia. Nik uste dut bikoiztaileondako lan handia dagoela mundu horretan; uste dut hor dagoela etorkizuna".
AEBetan sekulako arrakasta lortu du Max Anarchy-k– han daukan izena–, eta, borroka oinarri duten bideojokoei dagokienez, perspektiba berria azaltzen duela diote adituek. Gaztelaniazko bertsioa hil honetan kaleratu dute; beraz, arte martzialen eta bideojokoen zaleek dagoeneko badute Arrasateko Jacken eta Nikolairen ahotsekin borroka egiteko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak