Ezker abertzaleak dio "alarma handia" sortu dutela Bidegiren "desfaseek"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko otsailaren 1a

Gipuzkoako ezker abertzaleak dio, "egun hauetan agertu diren desfaseak eta zulo beltzak alarma handia" sortu dutela gipuzkoarren artean. Era berean, "erakundeetatik eta kaleetatik Gipuzkoa berri baterantz jarduteko deialdia" egin du. Bestalde, EAJ jo du Gipuzkoan, "herriz herri, eta Diputazioetan izan den xahuketa urteen" erantzule. Azken agintaldietako Bidegiren ustezko kudeaketa txarraren inguruan eman du prentsaurrekoa gaur Gipuzkoako ezker abertzaleak eta zapatuko manifestaziorako deia egin du.

"Ereduaren salaketa"

"Orain dela hilabete gutxi arte Gipuzkoa gobernatzeko ereduaren salaketa Ezker Abertzalearen jarduera politikoaren ikurretariko bat izan da. Gipuzkoarren artean ezaguna da makro-proiektuen aurkako gure jarrera, batez ere egitasmo inposatuak direlako, dela Abiadura Handiko trena, dela Pasaiako kanpo portua, dela Zubietako errauskailua, besteak beste".

"Xahuketa urteak" eta alderdien legea

"Xahuketen urteak bezala ezagutzen dira garai horiek, eta Gipuzkoan, herriz herri eta Diputazioan, EAJ izan da eredu honen bultzatzaile nagusia. Bide batez, esan behar da ere Alderdien legeaz baliatu egin zirela batzuk eta besteak erakundeetan oposiziorik gabe aritzeko. Baino apurka apurka kudeaketa txar honen ondorioak ageri agerian geratzen ari dira eta gipuzkoarrok foru Aldundian ze nolako zuloa utzi duten eta ze nolako zorrak ditugun ezagutzen hasi dira".

Bidegiren "desfasea"

"Ez da ikusi Europa osoan tamainako desfaserik.  Zergatik? Zer gertatu da zehatz-mehatz? Azalpenak exijitzen ditugu. %65 arteko desfasea nola onartu daitekeen azaltzea eskatzen dugu. EAJ arreta desbideratzen saiatu da, prentsa titular ponposoak emanez, arazo nagusia estaltzeko. Dirudienez, ez dute herritarrak zer gertatu den jakiterik nahi. Alegia, miloi mordo bar xahutu dituztela, baina ezker abertzalea ez da eroriko horrelako jukutrietan".

PPri eta PSE-EEri ere egurra

"Salatzekoa da, zentzu horretan, PPk eta PSEk hartu duten jarrera. Beste une batzuetan, edozein gertaeraren aurrean, interpelazioak eta batzorde bereziak eskatzera korrika eta presaka abiatzen diren bitartean, Bidegiren desfasearen kasuan itsu, mutu eta gor daude".

EAJren erantzukizuna

"EAJk Bidegiren desfasearen eskandaluan erantzukizun politiko garbia du eta ez du bere ardura saihestuko ezker abertzalearen aurkako betiko leloak erabiliz, guztiz lekuz eta denboraz kanpo daudenak, gainera. Bidegiren eskandaluaren atzean Konstruktora handien menpe egon den eredu ekonomikoa dago. Eta hori da, hain justu, ezker abertzaleak eraiki nahi duen Gipuzkoa berriaren estiloaren kontrakoa".

"Azpiegitura erraldoien" aurka

"Azkeneko urteotan jendartean oso zabalduta dauden azpiegitura erraldoien aurkako dinamikak aldaketa politiko eta sozialaren protagonistak izan dira eta dira. Izan ere, Gipuzkoan zehar eragile sozial ugari sortu da eredu hori salatzeko eta alternatibak eskatzeko. Herri askotan AHTren aurka, bestetan errauskailua ez eraikitzeko eta atez ateko dinamikaren alde, eta zer esanik ez kanpo kaiaren erokeria salatzeko eta badia biziberritzearen alde Pasaia aldean sortutako gehiengo sozial berriak".

"Herritarrok behar errealak"

"Baliabide publikoak herritarron behar errealetara bideratzeko gardentasuna eta partaidetza oinarri dituen eredua bultzatu behar da, eta horren alde lan egingo du Ezker Abertzaleak. Bide hori beste eragileekin elkarlanean egiteko prestutasuna agertu nahi dugu, baita EAJrekin ere".

Manifestaziorako deia

"Datorren zapaturako eragile sozial horiek Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu! lelopean antolatu duten manifestazioari gure babesa eskaini nahi diogu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak