Zero azpiko tenperaturak, datozen egunotan

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko otsailaren 1a

Siberiatik datorren haize hotzak zero azpiko tenperaturak utziko dizkigu ondorengo egunotan. Gaur, eguaztena, elurra eta izotzari dagokionean abisu horia daukagu. Euskal Meteorologia Agentziaren ustez, prezipitazio txiki-ertainak eman litezke eta elur-kota 1.300 metrotik 300 metrora jaitsiko da gaurko egunean zehar. Azken orduetan, 0-100 metroen artean kokatuko da.

Eguenerako, abisu horia daukagu elurrari dagokionez eta baita muturreko tenperatura baxuei dagokionez ere. Euskalmeten arabera, tenperatura maximoak nabarmenki jaitsiko dira egunotan; egubakoitza izango da bereziki hotza, eguraldi iragarpenek diotenez. Elurraren kota jaitsi egingo da eta kostalderaino helduko da.

Elur gutxi egingo du, ordea; zapatuan, akaso. Baina, izotza, nonahi. Egubakoitzean, zerotik ez da igoko egun osoan tenperatura eta Arrasaten, esaterako, gradu bat zero azpiko maximoa eta lau gradu zero azpiko minimoa iragarri du Euskalmetek. Zenbat eta gorago, hotz handiagoa egingo du, esaterako, Arantzazun, Elgetan edo Leintz Gatzagan.

5.400 gatz tona

Elurra kentzeko 46 ekipo eta 5.400 gatz tona ditu Aldundiak bide zaintzarako. Guri dagokigun Urola-Deba barrutiari 17 ekipo oso dagozkio eta beste bi arin: hala , besteak beste, Arlabanerak o bi ekipo daude ; Leintz Gatzagarako bat eta beste bat arina; Kanpanzarrerako beste bat dago; Deskargarako, lau; Elgetarako bat eta Azkaraterako beste bat.

Eta guri dagokigun barrutian 2.300 gatz tona daude; gatz siloak daude Arlabanen eta San Prudentzion bana eta bi Deskargan, besteak beste, eta gatz biltegia San Prudentzion dago. AP-1 autopistari dagokionez, elurra kentzeko hamar ekipo dituzte eta paladun Pick-Up bat.

Gatzari dagokionez, 20.000 litro gatz dituen biltegia, 400 tona gatz dituen beste bat eta 100 tonadun bi gatz silo daude Bergaran eta 100 tonako beste bi gatz silo, Eskoriatzan. Errepidean sor daitezkeen arazoei aurre egiteko Gipuzkoako Diputazioak hartutako neurriak dira horiek.

Beraz, datozen egunotan hartu berokiak eta kontuz ibili errepidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak