Baketik-ek berradiskidetzeari buruzko bost proposamen aurkeztu ditu

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urtarrilaren 31

2011ko urtarrilean Baketik-ek Berradiskidetzerako Indarguneak ekimena jarri zuen abian. Urtero, urtarrilean, bizikidetzaren berradiskidetzeari buruzko agiria aurkeztea da ekimenaren xedea, eta gaur –martitzena– aurkeztu du 2012 urteari dagokiona.

Bizikidetza- eta berradiskidetze-kultura berria bultzatzen hasteko bost proposamen dira, beste hainbeste eremutarako eginak: politika, udalak, hezkuntza, gizarte zibila eta eguneroko bizitza pertsonala.

Politika-eremuan

Hiru ardatzetan oinarritutako elkarrizketa-prozesua proposatzen du:

  • Iraganaren berrikuspen kritikoari dagokionez, gutxienez, azken 50 urteetan gertatutako giza eskubideen urraketa guztiei buruzko "egiazko txostena" egitea adostea, gertakarien errealitatea murriztu eta disolbatu gabe, eta biktima guztiei kaltearen konpontzeko aitorpena eta gertatutakoaren balorazio etikoa partekatzeko helburuarekin.
  • Orainaldiari dagokionez, jarrerei dagozkien iraganeko inertziak gainditu eta bizikidetza integratua sendotzeko humanizazio-neurriak adostea.
  • Etorkizunari dagokionez, gure gizarteak dituen edo etorkizunean eduki ditzakeen bizikidetza-gatazkak lantzeko metodologia etikoa eta demokratikoa adostea.

Udal-eremuan

  • Hurrengo urteetan, bizikidetza eta berradiskidetze-kultura berri bati etengabe laguntzeko herri mailako politikak bultzatzea proposatzen die udalei.

Hezkuntza-eremuan

  • Errespetuan eta giza duintasunaren eta giza eskubideen sustatzean oinarritutako bizitzarako, bizikidetzarako eta elkartasunerako hezkuntza-proiektuak bultzatzea proposatzen du.

Gizarte zibilaren eremuan

  • Desberdinen arteko elkarrizketa, topagune eta formazio-eremuak sortzea proposatzen du, etika erreferentzia izango duen eremua partekatzeko.

Eguneroko bizitza pertsonalaren eremuan

  • Giza harremanetan eta harreman sozialetan bizikidetza-kultura berriarekin bat datozen bizitzarako eta bizikidetzarako hautaketak bultzatzea proposatzen du.

Agiri osoa eta proposamen zehatzak Baketik-en webgunean aurkituko dituzue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak