Abenduaren 13an eta 14an Otaloran batzartu ziren hainbat ikertzaile eta arduradun, proiektua abian ipintzeko. Besteak beste, Euskadiko, Lituaniako, Bulgariako, Italiako eta Portugalgo ikertzaileak batu ziren han.
Mondragon Componentes-en Stirling berrikuntza gunearen datuen arabera, Europako Batasunean kontsumitzen den energiaren %40 etxean eta eraikuntzetan kontsumitzen da. "Sektorea handitzen doa. Horregatik, energia gutxiago kontsumitzea eta iturri berriztagarrietako energia erabiltzea datozen urteotan Europako Batasunean hartu behar diren neurri garrantzitsuak dira, energiarekiko mendekotasuna txikitzeko eta negutegi-efektua eragiten duten gas gutxiago botatzeko". Stirling Zentroak arlo horretan ikertu du, eta aipatutako herrialdeetako teknologia-zentroekin eta enpresekin batera, honako proiektuaren liderra izango da.
Europako Batzordearen helburua da 2020rako Europako Batasuneko estatuek %20 energia gutxiago kontsumitzea. Horretarako, eraikin berri guztiek energia-kontsumo murriztua izan behar dute, eta eraikin publikoak zero-energia eraikinak izan beharko dira. Stirling-en datuen arabera, hori lortuz gero, urtean 78 bilioi euro aurreztuko lirateke, milioi bat lanpostu sortu, eta CO2 560 Mt gutxiago sortuko lirateke.
%75 energia gutxiagorekin
EFFiHEAT proiektua berotasun geotermiko-ponparen teknologia garatzean datza. Ponpa horrek energian %75 aurrezteko aukera ematen du, eta berogailurako energia gutxiago kostatzea. Horretarako, EFFiHEATek bero geotermikoan oinarritutako Stirling ziklo eragingarriak garatu, prototipoa egin eta balioztatuko ditu.