Nafarroa, Euskadi eta Pirinio Atlantikoen (Akitania) mugaz gaindiko lurraldeetan Gizarte Ekonomia sendotzeko eta bere garapen estrategikoa bultzatzeko lankidetza-ekimena da. Kudeaketa-eredu hori sustatzea eta ezagutzera ematea dira helburu nagusiak, bai eta sektoreko erakundeek esparru ekonomiko, sozial eta kulturalean dituzten interes komunak ezagutaraztea eta defendatzea ere.
Gizarte ekonomiako hainbat instituzio joango dira Donostiara, krisiari aurre egiteko eta ekonomiak gure gizartean bete behar duen papera berraztertzeko orduan, gizarte ekonomiaren aldeko apustua aldarrikatzeko asmotan. Horregatik, gizarte ekonomiaren datu esanguratsuenak aditzera emango dituzte.
Antolatzaileen esanetan, "zenbakiek agerian uzten dute gizarte ekonomiak kalitatezko enplegu egonkorrak sortzeko bidea eskaintzen duela, lurralde bakoitzeko berezitasun sozial eta juridikoak aintzat hartuta. Euskadiko lanpostuen %8, Nafarroako %3,6 eta Pirinio Atlantikoetako (Frantzia) %9,8 Gizarte Ekonomiaren esparrukoak dira". Bestalde, Euskadin, kooperatibak dira gizarte ekonomiaren %50,8; Nafarroan, lan-sozietateak dira gehiengoa (%58,7), eta Pirinio Atlantikoetan, elkarteak (%93,5).
Gizarte ekonomia sektoretan banatuta, Pirinio Atlantikoetan zerbitzuen sektorea da nagusi (lanpostuen %97). Euskadin eta Nafarroan, berriz, industriak dauka pisu nabarmena (%51 Euskadin eta %53 Nafarroan).
Gizarte ekonomiaren indarra erkidegoan
Jardunaldia goizeko 10:00etan hasiko da. Ordu horretan akreditazioak jasoko dira, eta TESS Proiektuko bazkideen aurkezpena egingo du hiru erakundeetako ordezkari banak: Luis Maria Gallo ANELeko presidenteak, Francis Vallejo CRESS Aquitaine-ko presidenteak eta Javier Goienetxea KONFEKOOPeko presidenteak.
Jarraian, Felipe Iarritu Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomia eta EGE zuzendariak Euskadiko gizarte ekonomiako erakundeak eta ondoren irakurriko den txostena aurkeztuko ditu. Txosten horrek gizarte ekonomiak erkidego horretan duen egoera izango du aztergai, eta Baleren Bakaikoa GEEB - Gizarte Ekonomiaren Euskal Behatokiko presidenteak irakurriko du.
Atsedenaldi labur baten ondoren, 12:15ean ekingo zaio berriz programari, Gizarte Ekonomiaren Legeari buruzko azterketa batekin, Juan Antonio Pedreño CEPES - Espainiako Gizarte Ekonomiaren Enpresa-konfederazioko presidentearen eskutik.
Azkenik, Euskadiko Gizarte Ekonomiak prestatu duen manifestua irakurriko da, eta Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak amaituko du ekitaldia.