- EITB-ren Nahieran proiektuak jaso du Sareko 2012 Argia Saria.
- Papereko Argia Saria Karlos Zurutuzarentzat izan da 'Berria'-n Libiatik egindako kronikengatik.
- Irratiko saria Luzien Etxezaharretak eta Jakes Casaubonek jaso dute 'Euskal Irratiak'-en gidatutako 'Gure bazterrak' saioarengatik.
- Publizitateari dagokiona Azpeitiko Kilometroetarako eginiko klikmetroak.com-ek jaso du.
- Telebistako saria, 'Kanaldude'-rentzat izan da.
- Merezimenduzko saria, azkenik, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rentzat izan da. Haren familiak jaso du saria.
Argia Sarien XXIII. edizioko sarien arrazoiak:
- Karlos Zurutuzak irabazi du PRENTSA IDATZIKO ARGIA SARIA, Berria egunkarian egindako Libiako gerrako kronikengatik. Kronika horien kalitateaz gain, muturreko egoerak bizi dituzten lekuetatik informatzeko kazetariak hartutako konpromisoa azpimarratu nahi izan da (Zurutuzak lehenago ere soberan erakutsi zuen konpromisoa, bidenabar, besteak beste ARGIAn bertan Irak edo Afganistani buruz idatzitako artikuluetan).
- Euskal Irratietan Luzien Etxezaharretak eta Jakes Casaubonek gidatutako Gure bazterrak saioak irabazi du aurtengo IRRATIKO ARGIA SARIA. Baloratu diren ezaugarri ugarien artean, programaren hurbiltasuna nabarmentzekoa da (saioak bisitatzen dituzten herrian bertan grabatzen dituzte), baita elkarrizketen tonua ere, presarik eta zaratarik gabea, irratigintzaren beste dimentsio bat erakusten duena.
- Klikmetroak.com kanpainari eman diogu PUBLIZITATEKO ARGIA SARIA. Asko baloratu da Internet erabiliz Kilometroak jaiaren hasierako espiritua berreskuratu eta berritzeko egindako ahalegina, baita jendearen parte-hartzea ere, euskararen normalizaziorako jende askoren konpromiso txikiak beharko dituelako (izan lana eginez hartutako konpromisoa, ala ekonomikoki lagunduz), eta alde horretatik emaitza ona eman duen egitasmoa izan da.
- EiTB Nahieran webguneak irabazi du INTERNETEKO ARGIA SARIA, gaur egungo teknologiak eta ohiko telebista uztartzeko egindako ahaleginagatik, ikus-entzuleari aukeratzeko bide gehiago eskaintzeagatik eta benetako zerbitzu publikoa emateagatik, EITB eta telebista publikoen kontzeptua bera ezbaian dauden testuinguru honetan.
- Kanaldude Herri Telebistak jaso du aurtengo TELEBISTAKO ARGIA SARIA, komunikazio proiektu bezala eredugarria delako: herritarrek egindako telebista da Kanaldude eta herritarrak ditu protagonista. Kate nagusien eredutik oso bestelakoa da edukietan eta formetan; baliabide ekonomiko gutxirekin baina printzipio argiekin egina, eta guztia euskaraz (Ipar Euskal Herriko euskarazko telebista bakarra da).
- Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi omentzea erabakita geneukan aurtengo Argia Sarietan, ibilbide oso bat saritzen duen MEREZIMENDUZKO ARGIA SARIArekin. Tamalez, Argia Sarien ekitaldia baino lehen hil zen Txillardegi. ARGIA SARIArekin urte hauetan guztietan komunikazio proiektu honi eman dion sostengua eskertzearekin batera, merezi duen aitortza eman nahi izan diogu azken mendeko Euskal Herriaren historia eta euskal kulturarena ulertzeko ezinbestekoa den pertsonari.