Foru Aldundiak banan-banan aztertuko ditu udalen diru-egoerak

Leire Kortabarria 2012ko urtarrilaren 30a

Udalak finantzatzeko Foru Aldundiaren fondoak %12,7ko defizita du, eta hala jakinarazi die Foru Ogasun eta Finantza Departamentuak Gipuzkoako udalei. Hau da: bere burua finantzatzeko, uste baino %12,7 gutxiago tokatzen zaie udalei: oraingo aurrekontuekin, 355 milioi, eta ez 407, hasieran adostu zen bezala.

PSE-EEk esan duenez, dirua bueltatzeak "ito" egingo ditu Debagoieneko udalak. EAJk, bestalde, "lidergoa eta elkarrizketa" eskatu dizkio ahaldun nagusiari.

Foru Aldundiak esan du bere "lehentasuna" dela udalak "ez itotzea".

Otsail bukaeran batzartuko dira erakundeak, eta batzar horretatik irtengo dira udal bakoitzak bueltatu beharko kopuruak.

Otsail bukaeran batzartuko dira Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunak eta behin betiko datuak izango dituzte. Eguneratu egingo dituzte kontuak eta orduan ikusiko da 355 milioitan gelditzen den foru fondoaren aurrekontua.

Orduan kalkulatu ahal izango du udal bakoitzak zenbat itzuli behar duen, eta noiz.

Alderdi politikoek egoera horri erantzun diote.

EAJ: "Gobernuak lidergoa behar du"

EAJren bozeramaile Markel Olanok hauxe esan zuen: "Udalek Foru Aldundiari malgutasuna eskatu diote gelditzen zaiena ordaintzeko; Bildu, ordea, aurka dago". Eta "Bilduren gobernuak gaitasuna eta lidergoa izan behar du -aurreko gobernuak eduki zuen bezala- eta udalekin hitz egin behar du ordainketa zatitzeko; izan ere, diputatu nagusiari lidergoa eta erakundeen arteko elkarrizketa eskatzen zaizkio.

PSE-EE: "Ulergaitza da"

Bestalde, dagoeneko Ogasunaren egoera txarra jakina zenean, abenduaren 27an, esan zuen "ulergaitza" zitzaiola Diputazioak udalak "ito nahi" izatea. Zehazki, Debagoieneko udalek zenbat itzuli beharko zuten kalkulatu zuten: denetara, 2,9 milioi, PSE-EEren kalkuluen arabera.

Atzerapenik ez

Larraitz Ugarte foru bozeramaileak azalpenak eman ditu asteon: esan du Foru Aldundiaren "lehentasuna" dela udalak "ekonomikoki ez itotzea", eta udal guztiak ez daudela berdin diru aldetik. "Kasuak banan-banan ikusi beharko dira", esan zuen Ugartek. Hala ere, gogorarazi zuen irailean esan zietela udalei %50 otsailean itzuli beharko zutela.

Bestalde, udalei esan die Foru Ogasunak ezin duela zorrak bueltatzeko data atzeratu, 2008an eta 2009an egin zen bezala. "Foru Aldundiaren egoera, orduan, ez zen oraingo berbera", esan zuen Ugartek.

Azkenik, gogorarazi zuen udal bakoitzak itzuli beharkoa aurrerago zehaztuko dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak