Zuen azkeneko manifestazioa izango dena iragarri duzue...
Bilbon egingo dugu, otsailaren 11n. Azkena izango da arrazoi bategatik: azkenekotik, hau da, duela urtebete egin genuen hartatik, gauzak aldatu egin direlako eta geuk ere planteamenduak aldatu egin ditugulako. Asmoa da manifestazioarekin batera jendea erakartzea eta helburu batekin bat egin dezala: ETAren erabakiari sendotasuna eman nahian, helburua baino gehiago, bakea bidea dela eta aurrerantzean ETA barik bidea askoz errazagoa izango dela, edozein gatazka delarik ere.
Zer aldarrikatuko duzue?
Betiko leloez gain, elkartasuna adierazi nahi diegu urte hauetan guztietan ETAren mehatxua zuzen-zuzenean sufritu dutenei. Era berean, aldarrikatuko dugu kartzela politika aplika dadila legeak esaten duenaren arabera, gaur egun ez delako legeak esaten duena aplikatzen. Espainiako gobernuek ez dute bete, osotasunean, kartzela politika. Euren etxe ondoko kartzeletara hurbildu behar dituzte presoak, eta amaitu behar du sakabanaketak. Azken urteotako tentsio egoera hori amaitu dugu, eta gauza askotaz eztabaidatu behar dugu; tartean, presoen egoeraz.
"Lortu dugu", diozue. Zeri buruz ari zarete "lortu dugu" diozuenean?
Lortu dugu, etorkizuna badago eta geurea da. Horixe da manifestazioan erabiliko dugun leloa. 1987an egin genuen manifestazioan erabili genuen lelo bera, hain justu ere. 1986an jaio ginen, oso une gogorrean: GALek azkeneko hildakoak eragin zituen; ETAk 60 pertsona hil zituen urte hartan; dena zegoen nahas-mahas... 26 urte geroago, egoera erabat aldatu da, ez dauka zerikusirik. Esan dezakegu lortu dugula, ez geuk, baizik eta euskal jendarte osoak. Indarkeria deslegitimatu egin dugu, biktimekiko jarrera erabat ezberdina da eta euskal gatazkaren inguruan kontuak argitzen doaz. Giro positiboagoan gaude orain. Zorionez, hildako gehiagorik, dirudienez, ez da egongo.
Bakearen Aldeko Koordinakundea desagertu egingo da?
Lanik potoloena erdi egintzat jotzen dugu eta gure eginkizuna ezbaian jartzen dugu. Gure batzarrak erabakiko du, edozelan ere, desagertu edo desegin egingo dugun elkartea edo ez.
Bakea gertuago ikusten duzu?
Bakea bidea da eta orain badaukagu bakea. Bakea ez da armarik barik edo mehatxu barik bizi izatea. Mentalitate bat da. Bizimodu bat. Gauzak zelan egin nahi ditugun… Zoritxarrez, urte luzez armatan murgilduta aritu gara euskaldunok. XXI. mendeak bake-mendea izan behar du. Bakearen bidez lortu behar ditugu gauzak. Izango gara guk nahi duguna, baina bakea lagun.
Eta normalizazio politikoa?
Gure herri txiki honetan dauden ideologia guztiek ordezkaritza izatea da normalizazioa. Horretan sinesten dut eta uste dut helduko dela. Gaur egun, neurri batean, badago. Ez erabatekoa. Modu kamuflatuan. Izan ere, Aralarkoa ez den beste ezker abertzaleak nahi du normal jardun, eta ezin du. Baina helduko da hori. Ez daukat zalantzarik. Gatazka politikoa? Egon badago, ez daukat zalantzarik. Besteak beste, hainbat alderdi politikok, populazioaren erdiak, uste dute hemen arazo politiko bat dugula Espainiarekiko. Zelako egituraketa juridikoa nahi edo lortu ahal dugun erabaki nahi du. Hori ukatu nahi duenak ez du errealitatea ikusi nahi.
Presoena konpontzea da orain urgentea?
Bai, baina konponketa itsusia dauka. Legea aplikatu behar da, baina ezker abertzaleak, bere kide diren presoak babestu guran, ez du onartuko indarrean dagoen legea soilik. Duela gutxi Frantzian harrapatutako ETAko kideek ezarritako zigor guztia bete beharko lukete? Zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoek ez dute zuzenean etxerako bidea hartu behar. Horretarako, baldintza batzuk bete behar dituzte, betiere, nahita isiltzen direnak. Egia da, bestalde, gaixotasun larriak dituztenek etxean beharko luketela.
Azkeneko gertakariak direla-eta, Lehendakariari leporatu izan zaio ezer egin ez izana…
Lehendakariak jarri behar du ustezko bake eta normalizazio prozesu baten aurrean, ala prozesua bultzatu dutenek nahi dute lehendakaria erabili? Ez ote da erantzukizunak banatzea! Ezker abertzaleak egin beharreko prozesua da armak goraipatzetik armak errefusatu eta oso gaizki egindako zerbait aitortzea. "Oker genbiltzan, ez zegoen ondo, inor hiltzea ez zen ona", hori da egin beharrekoa. Ea ezker abertzalea hurbiltzen den demokraziara.
Ze exijitu behar zaio Raxoiri?
Hau euskaldunon arazo bat da eta seguru nago geure artean konpontzen bagara, elkar ulertzen badugu, konponbide edo aterabide askoz ere imajinatiboak bururatuko zaizkigula.
Zelan baloratzen duzue presoen eskubideen alde Bilbon egin zen manifestazio jendetsua?
Oso manifestazio handia izan zen, eta argi erakusten du presoekiko badagoela kezka bat jendartearen zati handi batean. Ez dut ulertzen, hala ere, manifestazioaren helburuak horren garbiak izanda, zelan laga daitekeen egiten manifestazio handi horretan Amnistia izeneko pintada bat eta inork ez duen ezer esaten. Ados egon naiteke manifestazioaren helburuekin, baina ikusten badut amnistia eskatzen dutela, bada, horrekin ez nator bat, ETAk eragin duen sufrimendua ezin delako inolaz ere trukatu amnistiarekin.
Bakearen Aldeko Koordinakundearen ekarpenik nagusia?
1986an jaio ginenean, kalean, isiltasuna zen nagusi. Gu jarri ginen biolentziaren aurrean, aurrez aurre, inolako lotsa eta beldurrik barik. Horretaz gain, urteak joan ahala, bahiketak-eta ere egon ziren eta jendea hasi zen lazo urdinak paparrean jartzen. Jartzen zuenak bazekien ze ondorio ekar lekiokeen. Baina askok eta askok jarri egin zuten. Bestalde, Lizarra Garazik porrot egin ostetik hona, pertsona batzuen kontrako jazarpena izan zenean, saiatu ginen jendartera zabaltzen, ikusarazten, pertsona batzuek bizkartzainak eroan behar zituztela. Eta indarkeriaren deslegitimazioa izan da gure ardura eta biktimekiko trataera. 1998an ez genien ia ezer esaten biktimei, baina azken urteotan saiatu gara biktimei ahotsa ematen.