Etxeko ospitalizio zerbitzuko buru Julio Sandoval medikuak emango ditu eskolak. Landuko dituen gaiak dira: Zer da etxeko ospitalizazioa?, Debagoieneko profesional taldea eta eskualdeko kobertura, Etxeko ospitalizazioaren abantailak ohiko ospitalizazioarekiko, eta Egiten diren prozedura terapeutikoak eta diagnostikoak. Ekimen berriak aurreikusten du urtean 12 ikasgela antolatzea. Guztira, sei gai ezberdin aztertuko dituzte.
Orain dela hiru urte
Etxeko Ospitalizazio Zerbitzua Debagoienean ezarri zen orain dela hiru urte eta bere erabilera handituz joan da etengabe, (580 erabiltzaile 2011n) erabiltzaileentzako abantaila izugarria izanik erabateko osasun artatze segurua izan dutelako eta gainera euren etxean bertan izan dutelako. Bestalde, ospitalearentzat oso aurrerapen handia izan da, bertako ospitaleratze ohearen disponibilitatea askoz handiagoa delako. Horren arrazoia da etxeko ospitalizazioan ohean dauden gaixoek ez dutela okupatzen Ospitaleko oherik. Azken onuradun garrantzitsuak ospitaleratze klasikoan ohea behar duten gaixoak dira, zerbitzuaren disponibilitatea hobea izan delako.
Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratua
Osakidetzak 2011ko abenduan sortu duen zerbitzuen antolaketa berria da eta artatze modalitate biak (lehen mailakoa eta espezialdua) uztartzen ditu erakunde bakar batean, pertsonek zerbitzu bakoitzetik hartzen duten artatzea integratzeko eta koordinatzeko helburuarekin. Bere baitan hartzen ditu abendura arte Debagoieneko Ospitalea izan dena eta Arrasateko, Aramaioko, Aretxabaletako, Eskoriatzako, Leintz Gatzagako, Bergarako, Oñatiko eta Antzuolako osasun zentroak.