Bergarak eta Aretxabaletak derbia jokatuko dute

Xabier Urtzelai 2012ko urtarrilaren 27a

Partidu azpimarragarrien artean dago Bergarak eta Aretxabaletak jokatuko duten derbia (Zapatua, 16:15, Agorrosin). Etxetik kanpora galdu ostean Bergarak ondo lotu nahi ditu etxeko puntuak, momentu honetan despiste bat garesti ordaindu dezaketelako. Aretxabaletak, berriz, luzapenean egin zuen joan den astean garaipenaren gola, eta bosgarren dira dagoeneko.

Gainontzeko ordezkariek kanpoan jokatuko dute. Mondrak Trintxerperi irabazita eman nahi du iraultzaren hurrengo pausoa; gainera, talde hori kontrario zuzena da atzealdeko postuetan (Zapatua. 16:00. Pasai Antxo). Eta Aloñak Ondarroako Aurrera izango du kontrario (zapatua. 16:30. Zaldupe). Zeharka bada ere, Aloñak mesede ona egingo lioke Mondrari Ondarroa mendean hartuta: talde gehiago beheko saltsarako. Erregional preferentean, bestalde, Antzuolak Orioko hartuko du Estalan (16:00).

Emakumezkotan, Mondra Logroñora

Emakumezkoen bigarren mailan, joan den astean Athleticen kontra bigarren zatian barkatu ostean –Mondrakoek egin zuten partiduko lehen gola, penaltiz– Zuluren eta Ezkurraren neskek sailkapenean atzealdean dabilen Atletico de Levellin taldearen zelaian jokatuko dute, Logroñon. Sailkapenean estu-estu daude talde asko, eta zuri-moreek lehenbailehen lortu behar dute garaipen bat. Bestalde, Arizmendiko neskak dagoeneko igoera fasera sailkatu dira, eta oraingo asteburuan fase berrian lider dagoen Intxaurdiren bisita izango dute Almenen (domeka, 14:00, Ibarra).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak