Sinadura-batzea bihar Bergaran, zaintza partekatuaren alde

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko urtarrilaren 27a

Agipase elkarteko kideek egingo dute. 45.000 sinadura batu nahi dituzte Legebiltzarrean eztabaidatua izan dadin.

Agipasek, banatutako aita eta amen Gipuzkoako elkarteak, sinadurak batzeko mahaia jarriko du bihar, zapatua Bergaran. Zainketa partekatuaren alde dihardu sinadurak batzen elkarteak eta datorren zapatuan, otsailaren 4an, Arrasaten ere jarriko dute.
Gipuzkoako Agipaserekin batera, Arabako Amapase eta Bizkaiko Abipasek zainketa partekatua Gasteizeko Legebiltzarrean eztabaidatu eta onartua izan dadin dihardute sinadurak batzen. Horretarako baleko 30.000 sinadura aurkeztu behar dituzte Legebiltzarrean. Dagoeneko 32.000 batu dituzte, eta Agipaseko kide Justo Saenzek azaldutakoaren arabera, "helburua 45.000 lortzea da".

Jendea ados dago

Saenzek esan duenez, herritarrek "harrera ona" egin diote ekime0nari eta "interesa" erakusten dutela ere aurreratu du: "Askotan, kalean esku-orria ematen dizutenean zakarrontzira botatzen duzu, baina gure kasuan ez. Jendeak irakurri egiten du, galderak egiten dituzte eta gero sinadura eman". Bestalde, zainketa partekatuaren aldeko jarrera dagoela ere azpimarratu du: "Jendea erabat ados dago zainketa partekatuarekin, beharrezkoa dela uste du eta berez egon beharko litzatekeela hala ezarrita".

Bergaran eta Arrasaten

Irala kalean jarriko dute bihar, Bergaran mahaia, 11:00etatik 14:00etara eta sinadurak batzearekin batera, esku-orriak ere banatuko dituzte; baita interesa dutenen galderei erantzun ere.
Batutako sinadurak Legebiltzarrean aurkezteko azken eguna martxoaren 6a da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak