Enpresako hitzarmenak probintziakoen gainetik ipini dituzte

Leire Kortabarria 2012ko urtarrilaren 26a

Enpresa izatea hitzarmenak negoziatzeko eremu hobestua, probintziaren gainetik; urtean, orduen %10 malguak izatea; edo arbitrajearen figura berria: horiek dira Espainiako patronalek eta sindikatuek adostu berri dituzten neurri batzuk. II. Enplegurako eta Lan-Hitzarmenetarako Akordioa adostu berri dute, eta 2012tik 2014ra bitarterako neurriak dauzka. Espainiako Ministroen Batzordeak berretsi beharko du orain.

CEOE eta CEPYME patronalek CCOO eta UGT sindikatuekin egin dute akordio hori, nahiz eta Espainiako Gobernuak horretarako ipini zien epea aspaldi bukatuta egon.

Hona hemen neurri batzuk:

Soldatak:

  • Soldatak handitzeko aurtengo muga %0,5 da, eta 2013koa, %0,6. Espainiako 2012ko abenduko KPIa %2 baino gehiago handitu bada, eguneratu ahal izango da soldata-handitzea.
  • Sektore bakoitzeko negoziatzaileen esku geratzen dira soldataren gaineko gorabeherak.
  • 2014rako nobedade handi bat: Espainiako ekonomiaren arabera handituko dira soldatak; eta soldaten zati bat enpresaren egoeraren araberakoa izango da.  

Salbuespen egoerak:

  • Krisia aintzat hartuta eta "langabezia maila izugarria" aitortuta, honakoa erabaki dute: "behin-behineko" eta "salbuespen neurri" gisa, enpresek indarrik gabe utz ditzakete lan-hitzarmenean adostutako erabakiak, arlo gehienetan: ordutegia, laneguna zelan banatu, txandak, ordainketa sistema eta beste. 
  • Salbuespen-neurri horiek justifikatu egin behar ditu enpresak: etekinak modu jarraian txikitzen doazela, edo hitzarmenean adostutakoa kaltegarria izan daitekeela frogatu beharko du. Akordioak ez du kopururik zehazten.
  • Neurriak ez aplikatzeko, enpresak eta langileen ordezkariak ados jarri beharko dira.
  • Gehienez, hiru urteko salbuespenak izan daitezke.

Enpresaren malgutasuna:

 

  • Ohiko malgutasuna: ordaindutako aparteko lanorduak desagerreraraziko duen neurria, seguruenik; izan ere, enpresak berari komeni moduan bana dezake urteko lan-jardunaren %10 (gaur egun, %5 da), eta beste 5 eguneko koltxoia ere badauka. Ez dira %10 ordu gehiago, baizik eta urteko orduen %10 beste modu batera banatzeko eskumena.
  • Ezohiko malgutasuna: arrazoi ekonomikoak, teknikak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak izan behar dira, eta langileen ordezkariei denboraz jakinarazi behar zaizkie.

Lan-hitzarmenak:

  • Aldaketa handiak hemen ere: enpresa hobesten da lan-eguna, funtzioak eta soldatak negoziatzeko esparru gisa. Estatuko hitzarmena hartzen dute abiapuntu gisa, baina enpresa-hitzarmena gailenduko da probintziako edo erkidegoko hitzarmenaren gainetik.

Arbitrajea:

  • Enpresaren eta langileen ordezkarien arteko hitzarmenek arbitraje batera jotzeko, eta hark esandakoa betetzeko konpromisoa jaso behar dute. Negoziatzeko epeak bukatzen direnean, arbitrajea ezarriko da.

Ultra-aktibitatea:

  • Sindikatuendako oso alderdi garrantzitsua izan da hau. Lan-hitzarmena negoziatzerakoan ez baziren ados jartzen, aurreko hitzarmenarekin jarraitzen zuten. Patronalen iritziz, horrek denbora-muga bat izan behar zuen.
  • Orain, Lan Ministerioak epe batzuk ezarriko ditu. Arbitrajea hemen ere ezarri ahal izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak