Eusko Jaurlaritzak eta Mondragon Korporazioak 32 nazioartekotze-proiektutan lagundu dute 2011n

Leire Kortabarria 2012ko urtarrilaren 26a

Eusko Jaurlaritzak Mondragon Taldeko 12 kooperatibarekin iaz egindako lankidetza nabarmendu dute arduradunek. SPRIren bitartez egin zuten lankidetza hori, eta kooperatiba horien 32 proiekturako zerbitzuak eman zituzten. Lankidetza hori batez ere Txinan nabarmendu da, 8 proiekturekin. Ondoren, Hungaria (4), Mexiko (3), Polonia, Errusia eta Txekia (horiek guztiak birekin) daude; baita Alemania, Brasil, Bulgaria, Txile, AEB eta Arabiar Ermirerriak ere.

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak urteko osoko bilkura egin zuen martitzenean, bi erakundeek 2010-2013 aldirako sinatutako Lankidetza Hitzarmenaren jarraipena egiteko, eta esandakoa da ondorioetako bat.

Lan-bileran hitzarmeneko bost jardun-arloetako bakoitzaren deskargua egin zen: Informazioa eta Komunikazioa, Ekintzailetza, Enpresa Garapena, Teknologia eta Berrikuntza, eta Nazioartekotzea. Bileran Jaurlaritzaren eta kooperatiba-taldearen bi ordezkaritzek hartu zuten parte, Bernabé Unda eta José María Aldekoa (Mondragonen Kontseilu Orokorreko presidentea) bileraren buru izanik.

Nazioartekotze-alorrean "une garrantzitsua" izan da iazkoa Jaurlaritzaren eta Mondragon Taldearen arteko lankidetzari dagokionez, Industria Sailak baloratu duenez; izan ere, 2011n akordio bat sinatu zen Kunshan Txinako eskualdearen eta Bernabé Unda buru den Sailaren artean, eta akordio horri esker eskualde horretan 250.000 metro karratu erabili ahal izango dituzte euskal enpresek. Bi enpresa ezarrita daude eremu horretan eta orain beste hiru ezartzeko asmoa dago. 

Garaiarendako, milioi bat euro

Enpresa Garapenaren alorrean, bi erakundeak elkarlanean ari dira Garaia Gunea finkatzeko. Kapital-zabalkuntzako proposamen bat zehaztu da, hiru milioi euro ingurukoa (Eusko Jaurlaritzak milioi bat ipiniko du), eta 2012an egingo dute.

Teknologiaren eta Berrikuntzaren arloan Korporazioko enpresek zuzendutako eta Etorgai programara bildutako lau proiektu daude I+Gari laguntzeko. Zehazki, Eroski, Orona, Danobat eta Maier dira proiektu horien buru.

Mondragonen papera indartu

Mondragon Taldeak eta Industria Sailak 2010ean sinatutako akordioak lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia azpimarratu du, eta bi alderdiek Mondragonen parte-hartzea hobea eta eraginkorragoa egiteko lankidetza-eredu bati eusteko borondatea berretsi dute. Aldi berean, Sailaren politikek, tresnek eta baliabideek Mondragonen enpresa-helburuetan laguntzea ahalbidetzeko asmoa du, euskal industria-sarearen lehiakortasuna hobetzea sustatuz.

Era berean, merkatuaren egoera berrira egokitzen saiatzen da, "krisialdia izanik egoera horren ezaugarri nagusia", Industria Sailaren hitzetan. Bi alderdiek "aski ondo" dakizkite nazioarteko testuinguru berriak eskaintzen dituen aukerak eta mehatxuak, eta "horrek dakartzan erronkak bere gain hartu dituzte". Hala, EAEren "funtsezko motor gisa" ikusten duten industria-jarduerari eutsiko diotela esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak