ESK-k ere bat egingo du sektore publikoaren aldeko ekintzekin

Leire Kortabarria 2012ko urtarrilaren 25a

ELA eta LABekin batera, ESK sindikatuak urtarrilaren 26ko manifestazioan eta otsailaren 9ko lau orduko lan-etenaldian parte hartuko du, sektore publikoaren murrizketen aurka agertzeko. "Duela hiru urte krisia hasi zenetik, ESK-k mobilizazio eta borrokaren alde egin du soluziobide bakar bezala krisiari aurre egiteko. Hau dela eta, ESK-k langile orori deialdia egiten die mobilizazioetan parte har dezaten, asko baita auzitan dagoena", esan du ESK-k.

Bihar, urtarrilak 26, hiriburuetan egingo dituzte kale agerraldiak ELAk, LABek, STEE-EILASek eta ESK-k.

ESK sindikatuak langileei dei egin die urtarrilaren 26ko eta otsailaren 9ko mobilizazioetara, honakoa esanez: "Azken bi urteotan, krisia benetako gizarte gerra baten sorburua izan da. Kapitalak eta administrazio publikoek deklaratu duten gerra, aurrekontuak murriztuz eta lan eta gizarte kontraerreformen bidez Ongizate Estatuaren eskubideak suntsitu egin nahi dituzte".

ESKrentzat, Eusko Jaurlaritzak onarturiko murrizketa-neurriak "sektoreko negoziazio kolektiboaren aurko erasoak dira, erabakitzeko ahalmena mugatzen baitituzte, langileen lan baldintzen okerragotze garbia dakartzatelako eta aldi berean zerbitzu publikoen aurkako eraso garbiak direlako".

Mobilizazio horretara dei egiteko, 20 bat afiliatuk kale-bilkura egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak