Fagor Automationen aurtengo helburua, %10 haztea

Leire Kortabarria 2012ko urtarrilaren 25a

Fagor Automationek 2012 urteari mundu mailako kota handitzeko asmoarekin ekin dio eta %10 hazteko helburua finkatu du, kooperatibak jakinarazi duenez. Plan honetan paper nabarmena dute CNCen familia berriek eta beraien garapenek eta kodetzaile absolutuek.

 

Fagor Automationek ekitaldi honetarako dituen planen artean daude berrikuntza eta nazioartekotzean eragitea, kokapen komertziala handitzeko helburuarekin eta baita krisiaren aurreko sarrera kota gainditzea ere.

Kooperatibako arduradunek salmentak %10 haztea espero dute, 70 miloiak gaindituz eta marka historiko bat lortuz. Negozio plana betetzeko, iturri hauen arabera, gakoa izango da Txinan 2011ko azken hilabeteetan galdutako indarra berreskuratzea, bertan baitago mundu mailako makina-erremintako kontsumoaren %40a, nahiz eta Fagorrentzat %30 suposatzen duen.

Aurreikuspen hobeak

Aurreikuspenen hobekuntza Alemania, Frantzia, Italia eta Estatu Batuak bezalako herrialdeetako sentsazio industrialetan oinarritzen da. Herrialde hauetan, aeronautika eta defentsa sektoreak oso aktibo daude. Gainera, Txinako inflazioa kontrolatuko dela uste dute, eta, horrekin batera, ekonomia dinamikoagoa izango dela espero dute.

Merkatu hauetan kokapena bermatzeko, Fagor Automationek hainbat ekintza jarri ditu abian. Bere nazioarteko sarea indartu du pertsonal tekniko eta komertzial gehiagorekin eta bulego berriekin. Lehentasuna izan dute Korea, Italia, Alemania eta Estatu Batuetako merkatuek, non dagoeneko sei bulego dauden.

Seiehun nomina kontsolidatu

Berrikuntza ekintzen, ekintza komertzialen eta internazionalen baturak, Fagor Automationek 606 langileren nomina kontsolidazioa ekarri du. Horietatik 200ek Fagor Automationen kanpo sarean jarduten dute eta 2011n 66 milioiko salmentetara iristea lortu da.

Aurtengoari begira, konpainiak inbertsio plan bat jarri du abian, serigrafia bidez, SMD osagaien trazabilitatea handitzeko ekipo bereziak eta baita Hass-Halt-Hasa teknika aurreratuen ekipoak ere, sistema elektroniko osoen analisi sendo bat egiteko.

Automobil elektrikoa

Honetaz gain, aurten, Etorgai Programa baten garapena osatuko da, auto elektrikoaren negozioa dibertsifikatzeko. Proiektu honetan Fagor Automation elkarlanean ari da Fagor Ederlan, Cegasa, Ecenarro eta Mondragón Automocionekin, baita Lotus Engineeringekin ere. Momentu hauetan lehen prototipoen proba fasean daude, emaitza onarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak