'Zapla' fanzinea sortu du Debagoieneko marrazkilari talde batek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko urtarrilaren 27a

Debagoieneko marrazkilari talde batek Zapla fantzinea atera berri du. Urtarrilaren 5ean argitaratu zuten fantzinearen lehenengo zenbakia. Helburua da eurek "nahi dutena egitea". Debagoieneko hainbat tabernatan dago salgai, 1,5 euroren truke.

13 marrazkilari batu dira

Gari Garitano marrazkilaria beste bergarar batzuekin harremanetan jarri, eta handik irten zen ideia: "Deialdia egin genuen marrazkia gustuko zutenak batzeko, eta, hala, 13 lagun elkartu gara fantzinea egiteko", dio.

Debagoieneko marrazkilariak dira guztiak, Elorrioko eta Azpeitiko bana izan ezik. Hauek, hain zuzen ere: Txinbo, Santos, Maite Eraña, Jon Pozo, Lezuri Doyague, Aiert Zubigarai, Aitor Burcio, Gari Otamendi, Jon Iraegi, Momo, Iñigo Borda, Alex Molano eta Alex Ugalde.

Komikiak dira fantzinearen oinarria, baina, komikiaz gain, ilustrazioak, bertsoak, denbora-pasak –Zapla-pasak–... ere egin dituzte. Gainera, lehenengo zenbakiak 2012ko egutegia dakar erdialdean, Evaristo abeslari ezagunaren irudiarekin. Fantzinea zuri-beltzean da eta erdialdeko egutegia, azala eta kontrazala ditu koloretan. Azala Iraegik egin du eta kontrazala, Otamendik.

Krisia izan da gai nagusia

Marrazkilarien asmoa da euren zaletasuna aurrera eramatea eta gustuko dutena egitea. Bada, fantzinearekin ez dute dirurik irabazi gura.

Lehenengo zenbakia egiteko gai nagusi bat hartu dute oinarri, eta horren inguruan egin dituzte lanak. "Krisiaren inguruan egin ditugu lanak; besteak beste, tabernak, pintxo-poteoa, Gabonak... gaiak landu ditugu". Marrazkilari bakoitzak erabaki du zer egin eta zelan egin. Hiru hilabeteko lana izan da fantzinea aurrera eramatea.

Dagoeneko hasi dira bigarren zenbakiarekin lanean. Euren asmoa da Aste Santurako kalean izatea, Erramu-zapaturako edo. Gaiari dagokionez, librea izango da.

Tabernetan jarri dute salgai

Zapla komiki fantzinearen lehenengo zenbakia 1,5 euroren truke jarri dute salgai ibarreko hainbat tabernatan. Nabarmendu gura izan dute ale bakoitzaren kostua 3,80 euro dela baina laguntzaileei esker jarri dutela prezio baxuagoan salgai. 

Bestalde, dei egiten diote fantzinean parte hartu gura duen edonori (idazle, marrazkilari, bertsolari, poeta...). Interesatuek zaplafanzinea@gmail.com helbidera idatz dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak