Nahiz eta gehiengo sindika hautsi, aurrerantzean ere batera ariko dira ELA eta LAB Debagoieneko langileen eskubideen defentsan

Ander Monedero 2012ko urtarrilaren 24a

Azken hilabetetan izandako desadostasunengatik ELA eta LAB sindikatuetako buruek, Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek, euskal gehiengo sindikala hautsi dela onartu dute hedabideetan.

Egoera errotik aldatu da. Iaz, 2004tik lehen aldiz, Maiatzaren Lehena batera ospatu zuten; krisiaren eraginez, negoziazio kolektiboan emandako pausoek bultzatuta, bi sindikatuek euren arteko desadostasunak baztertu zituzten.

Baina Gipuzkoako Foru Aldundiko aurrekontuek eta zerga politikaren erreformak eta Kutxabanken sorrerak bi sindikatuen arten desadostasunak sortu ditu; ELAko Adolfo Muñozek dio LAB sindikatua ez dela gai Bilduri kontuak eskatzeko; eta LABeko Ainhoa Etxaidek, berriz, adierazi du haustura Bildu erakundeetan egoteari leporatzea analisi pobreegia eta lerratua dela.

ELA eta LABen arteko batasuna apurtu da, eta aurrerantzean sindikatu bakoitzak bere estrategia propioa izango du. Hala ere, bi sindikatuek zenbait arlotan elkarlanean jarraituko dutela adierazi dute, esate baterako, murrizketen kontrako borrokan: gaur bertan, elkarrekin aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzan otsailaren 9an langile publikoek lau orduko lanuztea egiteko eskaera.

Orain arte moduan, elkarlanean jarraituko dute Debagoienean

Ildo beretik, elkarlanean jarraitzeko asmo dute Debagoienean ere. Bateko eta besteko eskualde arduradunekin harremanetan ipinita, adierazi digute elkarrekin dihardutela bailarako enpresa askotan eta aurrerantzean ere batera ariko direla langileen eskubideen defentsan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak