1. Elkarrizketako elkarrizketatua izateko proposamena jasotzean, zer pasatzen da zure burutik?
Oso urduri jartzen naiz, egunero elkarrizketatzailea izanda barreraren alde hori asko gozatzen dudalako; hori nik aukeratu dut. Baina nire lana ulerrarazten dit, jendea ze atakatan jartzen dugun.
2. Zertarako irratia irudi batek mila hitzek baino gehiago balio badu?
Ez nago ados; irudi batek, askotan, hitz batek baino gehiago ere ez du balio. Baina hitz horrek egokia izan behar du, ondo aukeratua, pentsatua eta ondo erabilia.
3. Askotan esan al duzu hau? "Honi beste elkarrizketarik ez".
Ez. Are gehiago, zerbait gaizki ateraz gero, erronka moduan planteatzen diozu zure buruari: "Honi, hurrengoan, hobeto". Ez bada, behintzat, elkarrizketatuak oso gaizki pasatu duela.
4. Entzuteari garrantzi handia ematen diozu.
Hitz egiteari adina. Asko gustatzen zaigu hitz egitea, baina entzuteari garrantzia kentzen diogu. Zertarako hitz eginarazi norbaiti, entzun behar ez badiogu? Entzunez, gainera, asko ikasten da.
5. Hainbeste euskal sortzailerekin hitz eginda, nola dago panorama?
Kontraesana gertatzen dela iruditzen zait: ekonomikoki gauzak aurrera ateratzeko ezintasun izugarria dago, baina, era berean, gauza asko eta oso onak egiten dira. .
6. Zure programetan emakume ahotsak dira nagusi. Kasualitatea?
Bai eta ez. Ia 30 urte daramatzat Tere Belokirekin eta Nekane Peñagarikanorekin lanean; lagunak eta lankideak gara. Lanbidea ulertzeko edo gauzei garrantzia emateko ikuspegi bera dugu. Oso eroso sentitzen gara elkarrekin.
7. Zer ematen dizu hitz idatziak hitz esanak ematen ez dizuna?
Ezer gutxi. Esango dudan hitz bakoitza idatzi egiten dut. Nahiago dut naturaltasun apur bat galdu hitz polit batekin norbait liluratu ahal badut.
8. Ai ama!-n ama izan berritako gogoetak bildu zenituen. Nerabezaroan zentratutako bigarren zatia idazteko asmorik?
Ez; bete-betean bizi dut, eta egunero nobela bat idazteko emango luke. Nerabe batek idatzi beharko luke, seguru oso dibertigarria dela!
9. Autore moduan antzerkiko hiru Max sari dituzu. Aktore moduan ausartuko zinateke?
Ezta zoratuta ere! Diote irratikook badugula aktoretik zerbait, baina "arratsalde on" esan orduko igartzen zait niri ze egun dudan. Izu eszeniko izugarria daukat, gainera.
10. Medikuaren partetik galdera: erretzen segitzen duzu?
Presio asko aguantatuz, baina bai. Gai kezkagarria dela ulertu arren, muga guztiak gainditu direla uste dut. Nikotinak baino min handiagoa egingo digu errudun sentitzeak!
-------------------------
Makila magikoa baneuka: "Munduan zentzugabekeria mordoa ikusten ditut, asko oso mingarriak, eta horiekin aztoratu, itsutu egiten naiz. Makilatxoarekin zerbait erabat oldarkorra egingo nuke; horregatik, erabili gabe pasako nioke zentzugabekerien artean lehentasunak markatu eta erabakiak ondo hartzeko gai den bati. Seguru askoz hobeto erabiliko lukeela".