Leintz aldeko pilotari beteranoek, hau da, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Gatzagakoek, eta Oñatikoek jokatu ahal izango dute. Martxoaren 4an hasi eta iraila bitartean iraungo du txapelketak, eta partiduak domeka goizetan izango dira, 09:00etan hasita, hamabostean behin. Finalak izango dira hain zuzen irailean; Andramari jaietako egitarauan sartuko dituzte, iaz egindako moduan.
Antolatzaileek jakinarazi dute lehenengo mailako beteranoek pilota goxoekin (Punpazkoak) jokatuko dituztela partiduak, eta bigarren mailako beteranoek oso goxoak deritzen pilota bereziekin. Eta gaineratu dute "inor lesionatuz gero antolatzaileak ez direla kargu egingo".
Pilotalekua margotu berri
Gatzagako pilotalekua gainera, margotu berri dago; Gabon sasoian margotu zuen Udalak urdin kolorearekin. 2010ean guztiz itxi zuten eta orain margotze lanak eginda, benetan itxura dotorea hartu du.