"Gezurraren eta gaitasun ezaren aurrean, Gipuzkoaren aldeko benetako politika" eskatu du GBBk

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urtarrilaren 21a

Azkeneko egunotan hika-mikatan dabiltza Gipuzkoako foru gobernua (Bildu) eta oposizioko talde nagusia, EAJ. Bilduk aurreko agintaldian kudeaketa txarra egin izana leporatu dio EAJri, Bidegiren aurrekontu desfaseak direla-eta. EAJk Foru gobernuko bozeramailearen dimisioa eskatu du. Ezker abertzaleak ere eman du bere iritzia eta, orain, Gipuzko Buru Batzarrak egin du publiko berea, ohar bidez, Gipuzkoako ezker abertzaleari erantzunez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ezker abertzaleak egin dituzten deklarazioak direla eta, EAJko Gipuzko Buru Batzarrak, honako hau adierazi nahi du:

"Pankarta eta gezurra"

  • Foru Aldundian gaur egun dauden arduradun politikoek pankarta eta gezurraren kulturarekin segitzen dutela, ezker abertzalearen jokabide politikoaren erreferente politikoak bien ala biak. Inposizioaren eta intolerantziaren "zulo beltzean" urte gehiegi bizi izan dira, ezerk eta inork irtenbiderik ez daukan puntuan, hain zuzen.

"Oposizioari oposizioa"

  • Bai Diputatu Nagusiak, bai bere bozeramaleak, Lopez Lehendakariak eta bere gobernuak ohitu gaituen jokabidea berdindu nahi dutela dirudi, oposizioari oposizioa eginez lehenik eta behin, eta gaur egun erantzule diren erakundeek izan dituzten gestore politikoei atzerako ispilutik begiratuz bigarrenik.
  • Egoera gainera etortzen zaienean, "gainerako guztiak dira gaiztoak" esanez ateratzen dira.

"Europako herri aurreratuenen pare"

  • Eta egia dena da, EAJ-PNVren gestioak, Europako herri aurreratuenen pare jarri duela Gipuzkoa, azpiegitura eta ehun ekonomikoari buruz bederen, gipuzkoar guztien interesei erantzunez. Gaur egun bizi dugun krisi ekonomiko larriari aurre egin ahal izateko egoerarik hoberenean utziz Gipuzkoako lurraldea. Ez da kasualitatea gure langabezia-mailak, Europako bataz bestekoaren azpitik egotea.

Erakunde fidagarriena

  • Ezin da ahaztu, Gipuzkoako Foru Aldundia dela, une honetan, erakunderik kaudimenduna, fidagarriena, eta, dituen politika ekonomiko eta sozialei erantzunez, erronka berriei aurre egiteko berezko baliabideak sortzeko gai dena, oraindik ere.

"Gestiorako gaitasun eskasa"

  • Erakunde saneatua jaso du Bilduk, baina beldur gara, Gipuzkoako Foru Aldundian daramatzan zazpi hilabete hauetan erakusten ari den gestiorako gaitasun eskasak, etorkizunerako mehatxu larria izan daitekeela.

"Inolako polemika artifizialik"

  • Gipuzkoako EAJ-PNVk ez du inolako "polemika artifizialik" sortu. Pixkanaka ezagutzen ari garen Larraitz Ugarte diputatu bozeramaleak bota zuen ezkutuko akusazioa komunikabideen aurrean. Izan ere, 92 milioi horiek non geratu diren galdetu ziotenean, erantzun baitzuen bigarren ingurabidea eta AP-1a eraikitzeko desfaseak 246 milioikoak zirela. Diputatuak informazioa guztia bere esku izan arren, akusazioarekin segitzen du.

"Ez zulo beltzik"

  • Ez "diru-desagertzerik", ez "aurrekontu-desfaserik", ez "zulo beltzik". Azken urteotan, Gipuzkoan egin diren azpiegitura garrantzitsuenetan sortutako hainbat gorabeheren aurrean, obra-proiektuen egokitzapenak baizik. Ugarte diputatuak jakin badaki aldaketa horiek dagozkien espediente bidez tramitatu zirela, eta hartutako erabakiak, Bidegin ordezkaritza duten alderdi politiko guztien aho bateko babesarekin hartu zirela.

"Bozeramaile lotsagabe pankartazale"

  • Gipuzkoak benetako politika behar du. Ez bozeramale lotsagabe eta pankartazale baten galdera maltzurrik baino. Eta gezurrari aurre egiteko, EAJ-PNVk, beti bezala, Gipuzkoaren aldeko benetako politika egiten segitzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak