Markel Olano: "Gipuzkoaren gehiengoak ez du atez atekoaren alde egiten eta zaila da errauskailua saihestea"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urtarrilaren 23a

Markel Olano itxaropentsu eta pozik dago alderdia indartuta atera delako azken batzar orokorretik. Baina haserre, Gipuzkoan Bilduk eurekiko darabilen jarrerarekin. Azken ika-mika, oraingo astean bertan, Ugarte Diputazioko bozeramailearekin. Kargugabetzea eskatu diote Garitanori.

Ez zaudete gustura Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramailearekin…
Larraitz Ugarte da EAJren eta Bilduren arteko oztoporik nagusia. Harremanak gaiztotu egiten ditu eta behartzen gaitu erantzun gogorrak ematera. Behin eta berriro egiten ditu adierazpen arduragabeak. Ez du kategoriarik, ahalmenik, daukan postuan egoteko.

247 milioi euroko desfasea leporatu dio aurreko agintaldiko Bidegiri, Eibar-Gasteiz autobidearen eta Donostiako bigarren ingurabidearen lanetan.
Desbideraketak egon dira, baina ez kontzeptu berei dagokienez. Bestalde, Bidegik administrazio kontseilu bat dauka eta han zeuden ordezkatuta, aurreko agintaldian, Batzar Nagusietan ordezkaritza zuten alderdiak, baita gaur egun Bildun dauden bi alderditako ordezkariak ere, EAkoak eta Alternatibakoak. Eta hauek ere onartu zituzten kontuak, gardentasun guztiarekin. Gure kudeaketa eta Gipuzkoako alderdi politiko guztiena zalantzan jarri du adierazpen horiekin Larraitz Ugartek. 

Gipuzkoak ordezkari bat galdu du EBBn eta Egibarren ildokoek eragin ahalmena galdu duzue zuzendaritzako organoetan.
Bai, baina halako kontsiderazioak egitea da iraganera begiratzea. Baina bai, egia da, esaterako, Xabier Barandiaranek Gipuzkoan boto gehien atera zituela, baina, gero, ez dela aukeratua izan exekutiba nazionalerako. Alderdikideek egin dute aukeraketa bide demokratikoak erabilita.

Sendotu egin da Urkulluren lidergoa?
Bai, eta ona da gure alderdiaren liderra sendoa izatea. Egitura eta lider indartsu bat eta printzipio garbiak edukitzeak ematen digu arnasa, datozen urteak gogorrak izango direlako. Batasun itxura eman dugu. Gure alderdian ikuspegi ezberdinak daude, ukaezina da hori, baina modu leialean kudeatzen jakin behar da ezberdintasun hori, eta lortu dugula uste dut.

Sei hilabete eman ditu Bilduk Gipuzkoako Foru gobernuan. Ze balorazio egiten duzu?
Uste genuena baino lan okerragoa egin dute. Eta ez geneukan esperantza handirik. Erakundeen kudeaketan esperientzia gutxi duen jendea da, eta igarri egin da hori. Baina, bestalde, okerrena erakutsi duten harrokeria handia eta, bereziki, kontuan izanda ez dutela erabateko gehiengorik. Kudeaketaren aldetik, zabarra eta abileziarik gabekoa izan da, motela. Eta, tartean, gainera, irainak daudenean, bada, sei hilabete hauek beltzak izan dira.

Zelako oposizioa egin duzue?
Saiatu gara egiten oposizio leiala; ez bakarrik hitzetan, baizik eta baita ekintzetan ere. Esaterako, aurrekontuen prozesuan erraza izango litzateke guretako aurrekontuak atzera botatzea. Eta kalte handia egingo genioke Bilduri. Baina ez dugu hala jokatu. Ez dugu politika horrela ikusten, ze ondorioa, koiuntura latz honetan, larria izango bailitzateke herritar guztiendako. Horregatik eskatu genion Bilduri esertzeko. Egin genituen bizpahiru eskari eta aintzat hartu zituzten. Hori egin genuen, seguruen, Bilduk gehien behar zuen momentuan, ze esperientziagatik baitakit lehen aurrekontuek markatzen dutela agintaldi osoa. Erantzuna, ostera, oso gaiztoa izan da. Orain, abisua pasatu diet gure kideei: lehen erasoa, akaso, euren errua izango da, baina bigarrena geurea da, utzi egin diegulako hori egiten. 

Zaborren kudeaketaren gainean eztabaidatzeko sei hilabete hartuko dituzte. Non hartuko da erabakia?
Batzar nagusietan, aurreko agintaldian, hartu zen erabaki bat gehienen adostasunarekin eta ondo planifikatuta utzi genuen zaborren kudeaketa: azpiegiturak, eredua… Hori guztia planifikatzea dagokie Batzar Nagusiei. Baina, bestalde, zaborren kudeaketarako eskumena dute udalek, mankomunitateek eta horretarako sortutako partzuergoak. Batez ere zaborren bilketarako. Baina, orain, ikusten dugu ezker abertzaleak daukala gaiaren gaineko beste ikuspegi bat, eta Batzar Nagusien gehiengoak, ostera, aurreko agintaldiko eskema nahiago duela: bost edukiontzi ahal den guztia birziklatzeko eta konpostatzeko, eta geratzen den soberakina erretzeko Zubietako errauste planta. Ezker abertzalek oraindik ezagutzen ez dugun beste eskema baten alde egiten du.

Irtenbidea?
Planteatzen dugu sei hilabeteko epea hartzea Batzar Nagusietan gaiari irtenbidea emateko. Izan ere, ezker abertzaleak izan dezake nahi bat, atez atekoaren aldekoa, baina hori ezingo du herri guztietan ezarri eta, gainera, Gipuzkoako populazioaren %60 bizi den herri edo hirietan, ez dute atez atekoaren alde egingo, Bilduk ez daukalako erabateko gehiengoa. Gauza bat da desioa eta beste bat errealitatea. Adostasun batera heldu nahi dugu eta hori da proposatu duguna. Baina badirudi enfrentamendurako eskema duela ezker abertzaleak.

Azken erabakia zeini dagokio?
Batzar Nagusiei. Eta partzuergoari, mankomunitateari, udalei, Foru Aldundiari dagokie erabaki hori aintzat hartzea.

Erabakia ez da izango lurralde osoan atez atekoa ezartzekoa eta Zubietako erraustegia bertan uztekoa.
Ezker abertzalekoek diote konbentzitu egingo gaituztela euren planteamenduaz eta guk diogu geuk konbentzituko ditugula geureaz. Baina hau ez da kaskagogorren lehia. Bakoitzak badauka bere eredua, argia da, eta denok ezagutzen dugu. Guk ez dugu atez atekoan sinesten. Hortaz, aukera daukagun guztietan, gurekin bat datozen beste alderdiekin batera, atez atekoen planteamenduak atzera botako ditugu. Hori argi izan behar du ezker abertzaleak. Gipuzkoaren gehiengoak ez badu atez atekoaren alde egiten, zaila da errauskailua saihestea. Ezin dezakegu utzi eraiki gabe errauste planta eta, bestalde, atez atekoa ez ezarri. Ze, bestela, egoera jasanezin batera hel baikaitezke, non ez dugun jakingo zer egin birziklatu edo konpostatzen ez den zaborrarekin.  

Zubietako errauste planta egingo dela uste duzu?
Sei hilabete ditugu zentzuzko adostasun batera heltzeko. Nik ez dut esango, orain, zein izango den azken erabakia. Oinarriak planteatu baino ez dut egin. Edozelan ere, ez dut ikusten errauste plantarik bareko alternatibarik; ez dago. Ez dago, hain justu ere, Bilduk ezingo duelako hedatu bere planteamendua herri guztietara.

Sozialistek eta Bildukoek zerga politika aldatzeko lortutako akordioaren gainean ze iritzi daukazu?
Finantza ikuspegitik ez da aldaketa eraginkorrik izango. Ez da diru gehiago batuko Bilduk eta sozialistek adostutako zerga politika berriarekin. Gehiago izan da ezkerreko pose bat. Bai lortuko du desarmonizazioa beste lurraldeekin eta, ondorioz, gipuzkoarrok gehiago ordaintzea beste lurraldeetakoek baino, zerbitzu berberak jasotzearren.  

Kutxabanken administrazio kontseilua dela-eta oso kritiko agertu dira sozialistak eta Bildu.
Hemen eskatzen zitzaion EAJri uko egin zezala Kutxabanken administrazio kontseiluan, berez eta legez tokatzen zitzaion erabateko gehiengoari. Eta Martin Garitanori ere berdin eskatu nion: ea Batzar Nagusietako gehiengoak kudeatuko lituzkeen eta gehiengoa edukiko lukeen, Diputazioaren sozietate publikoetan. Ea hori baimenduko lukeen. Sozialistak eta Bildu ez daude Kutxabanken administrazio kontseiluan haiek ez dutelako nahi izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak