"Arreta desbideratu"
- "Egun hauetan, Gipuzkoako EAJren bozeramaileen ahotik mehatxuak, irainak eta azken finean, zarata asko ateratzen ari da, zertarako eta aurreko gobernu foralak utzi zituen zulo beltzetatik arreta desbideratzen saiatzeko. Hala ere, saiakera antzuak direla ohartarazi behar diegu. Gipuzkoako jendarteak ondo baino hobeto daki zer egin duen EAJk gobernu foralean egon den bitartean: dirua xahutzea azpiegitura erraldoien aitzakiarekin".
Egoera berria
- "EAJ dagoeneko Diputazioaren kudeatzailea bera ez dela ohartu behar da. Maiatzako hauteskundeen emaitzak hor daude, baita azarokoak ere, eta badirudi EAJk oraindik ez dituela emaitzak irentsi. Gaur egun, Gipuzkoaren gehiengo zabal bat beste norabide batean doa, eta EAJ ez da oraindik egoera berriaz jabetu".
"Desfaseaz zer?"
- "Olano eta Goiaren hitz jario antzuaren atzetik bere gobernuak utzitako oinordea estaltzeko alferrik egindako saiakera bat besterik ez dago. Hitz gordinak bai, baina Bidegik utzitako desfaseari buruz ez diegu tutik ere entzun: nola esplikatzen dira %65era arteko desfase horiek? Hitz potoloak bai, baina Kutxak Kutxabanken izan duen botere galerari buruz zer esan dute? Tutik ez. Hitz ozenak bai, baino ogasun foralean utzitako zuloa eta zorpetze maila Gipuzkoako jendarteari nola esplikatu behar diote? ".
"Makro-azpiegiturak"
- "Gaur egun, Gipuzkoa bera da gestio oker horren ondorioak sufritzen ari dena. Denok dakigu zeintzuk izan diren, Diputazioan eta herriz herri, krisia iritsi baino lehenago adreiluaren burbuila kudeatzen egon direnak. Izan ere, urte guzti horietan, herrialde osoan zehar soilik enpresari handi batzuen mesedetan asmatutako makro-azpiegiturak proiektatzeari ekin zion EAJk, gipuzkoarrei bizkarra emanez".
"Eraikuntza erraldoirik ez"
- "Bere ardura onartzeko garaiak dira, EAJren kudeaketa txarra izan delako, beste faktore batzuen artean, krisi honetan sartu gaituena. Gipuzkoa krisi egoeratik ateratzeko norabide onean denok jardutea ezinbestekoa da, herrialdeko ekonomiak ezin duelako aurreko gobernu foralak egindako akats berdinetan erori. Ekonomia errealaren eskutik aterako gara krisitik, inolaz ere ez espekulaziotik eta ez hanka ez buru ez duten eraikuntza erraldoietatik. Ezker Abertzaleak Gipuzkoa berria egiteko konpromiso irmoa hartua du. Laguntzera etorriz gero, EAJ ongietorria izango da".