Pello Zabala: "Naturak jainkotiartasun handiagoa du elizako isiltasunak baino"

Txomin Madina Milikua 2012ko urt. 19a, 15:15

Amezketan jaio arren, 54 urtez hemen bizi eta gero Arantzazukoa sentitzen da dagoeneko eguraldi-gizona, musika klasikoaren zale amorratua eta blogaria ere baden frantziskotarra.

1. Pernando Amezketarraren odolekoa zaitugu. Zertan igartzen da?
Odolekoa bai, baina urruti samar geratzen zait. Umore onean eta buru argi samarra izatean igar daiteke; bertsoak idazterakoan ere egon daiteke zerbait.

2. 10 urterekin Arantzazura; goiz heldu zitzaizun bokazioa!
Bai. Urtero bi irteera egiten genituen Arantzazura, eta 7 urterekin geratu nahi nuela esan nuen; etxean baietza eman zidatenean asko poztu nintzen; ikasten segitu eta 10 urterekin joan nintzen.

3. Gaur egun ez ei dago bokaziorik. Arduratzen zaitu?
Bai, azkenak garelako; mutilzaharrak baserrian moduan gaude, ea baserria edo eurak noiz lehenago eroriko; halaxe gaude gu, jakinda Arantzazuk segituko duela eta gu eroriko garela. Munduak daraman martxa hartu ezean, Eliza galdu egingo da. Garaien zinua da.

4. "Zuk zer duzu, Arantzazu", zioen Salbatore Mitxelenaren olerkiak. Zer erantzungo zenioke?
Ez nuke jakingo nola esan, baina zer horrek betetzen duen zakua gero eta beteagoa dut: gaur egun gehiago kostako litzaidake hemendik joatea lehen baino.

5. Barkatzen ez duzuna zure eguneroko paseoa da.
Astegunetan egunero ibilaldi bat egiten dut, otoitzek betetakoa. Naturak jainkotiartasun handiagoa du elizako isiltasunak baino.

6. Paseotik pasiora: musika klasikoa. Zenbat disko dituzu?
Milaka batzuk bai... Asko disfrutatu nuen txikitan ametsa zen lanarekin; Euskadi Irratian 6.600 programa egin nituen. Hala ere, saioa utzi eta sei urtez musika klasikoa entzun gabe egon nintzen, ganbarako sonak kentzeko-edo!

7. Disko bat aukeratzekotan?
Ezinezkoa; hainbeste eta hain desberdinak dira! Pertsonak aukeratzea bezala da: denek dute balioa, bakoitzak bere momentua. Musikarekin pertsona asko ezagutu ditut: Bach, Beethoven, Mozart...

8. Zeruaren koloreaz ala satelite bidezko mapaz, zeinekin fido zara gehiago?
Zeruaz eta zerupekoez; animaliek euren portaerarekin esaten dizute eguraldia nondik nora joango den. Baita zuhaitzek ere, goroldioak...

9. Teknologia berriek ez dizute beldurrik ematen; horren adibide da blogari aktiboa zarela.
Aurrerapenek badituzte abantaila benetan onuragarriak. Txikitatik, ikusten nuena erakusteko joera izan dut; ordurik onenak maisulanean emango nituen. Blogean, maisu lana egiten da apur bat.

10. Mediatikoa zaitugu oso. Nola daroazu fama?
Gaizki ez, baina alde egiten diot; egun batzuk igarotzeko ez naiz Donostiara joango. Horregatik joaten naiz Ledeara lasai egotera, han ere tarteka ezagutu arren.

-------------------------

Makila magikoa baneuka: "Makilatxo magikoa guretzat hurritz makila da, bizia ematen duelako. Horrekin umore ona emango nioke mundu guztiari. Asisko Frantziskok triste zegoenari esaten zion umore ona izan arte bere logelara joateko. Horixe egingo nuke nik ere: umore ona zabaldu eta umore txarra duena erretiratu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak