Iaz %2,3 gutxiago batu da Gipuzkoan zergatan

Leire Kortabarria 2012ko urtarrilaren 19a

Foru Aldundiaren beldurrak konfirmatu egin dira: 2011n nahi baino gutxiago batu da zergetan. Aldundiak gaur jakinarazi duenez, zerga itunduetan 3.596,7 milioi euro batu dira orain azkeneko kanpainan. 2010ean, 3.681,2 milioi batu ziren; beraz, %2,3 gutxiago batu da, 84,5 milioi gutxiago, alegia.

Aldundiak azaltzen du zuzeneko zergek "bilakaera oso positiboa" izan dutela, %6 handitu baitira. Baina zeharkako zergek oso portaera negatiboa izan dute: %10,6 txikitu da horietatik batutako diru-kopurua.

"Estatuak ez ditu 45,6 milioi ordaindu"

Foru Ogasunak esaten duenez, 2011ko aurrekontuetan 3.940 milioi euro batzea aurreikusten zuten. Hortaz, aurrekontuak %91,3an bete direla esaten du Foru Ogasunak; "desbideratze nabarmena", bere hitzetan. Arrazoiak zehatz-mehatz azaltzen dituzte, baina horren erdia "Estatuak BEZaren eta zerga berezien doiketetan ordaindu ez dituen 45,6 milioi eurok esplikatzen" dutela esaten du.

Desbideratzea zergatik gertatu den esaten du Ogasunak: batetik, "aurrekontua egiterakoan ezagutzen ez ziren faktoreak: Rover auziarengatik Gipuzkoak 2011n itzuli beharreko herena, 47,8 milioi euro; eta EAEren eta Estatuaren artean kupoa zehazteko garaian dauden desadostasunak, Gipuzkoaren kasuan 45,6 milioi euro jaso gabe gelditzea suposatu dutenak"; bestetik, "urte hasieran Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako hazkunde ekonomikoa (%3,6ko hazkunde nominala) ez da inola ere bete (%2,6)".

Kontsumoa asko moteldu da

Zeharkako zergek oso bilakaera negatiboa izan dutela dio, honengatik: "kontsumoaren erabateko moteltzea; ondorioz, besteak beste, tabako laboreen gaineko zerga %14,6 jaitsi da; hidrokarburoen gainekoa, %6,3; eta zenbait garraiobideren gaineko zerga, %18,0".

Multzo berean, BEZa hiru arrazoirengatik jaitsi dela esaten du: "Rover auziaren eragin bikoitza bi ekitaldien arteko konparazioa egitean: ez soilik aurten, Auzitegi Gorenaren sententziaren ondorioz, Rover auziagatik, Gipuzkoak 47,8 milioi euro itzuli dituelako, baita ere 2010ean kontzeptu beragatik 97,8 milioi euro jaso zirelako". Bestalde, "kontsumoaren jaitsiera nabarmena gertatu da", eta esportazioak barne-kontsumoa baino gehiago handitu dira, BEZ itzulketa gehiago eraginez.

Zuzeneko zergetan %6 gehiago batu da, arrazoi hauengatik, dio Foru Ogasunak: PFEZ %7,7 handitu da; Sozietateen Gaineko Zerga modu "moderatuan" txikitu da (%4,2); eta Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga %30,8 handitu da.

Ogasunak egin duen txostena bihar zintzilikatuko dute bere webgunean: www.gipuzkoa.net/ogasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak