Larraitz Ugarte: "Nire betebeharra da gizartea informatzea datuekin"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urtarrilaren 18a

Foru Aldundiaren bozeramale Larraitz Ugartek Goienari adierazi dio berak gizartea informatu duela, datuekin, eta hori dela, hain juxtu, bere betebeharra. Markel Olano jeltzaleak, bere aldetik, esan du alderdien arteko harreman politikoek okerrera egingo dutela, baldin eta Bilduk bere jarrera aldatzen ez badu.

Ugarteren esanetan, Aldundiaren obretan ez bezala, Bidegikoetan sekulako desfasea egon da adjudikazio-prezioen eta azken prezioen artean eta egindako kudeaketa txarraren ondorio da hori. Erabaki hori ontzat emandako Bidegiko Administrazio Kontseiluan egungo euren koalizio-kideak ere bazirela-eta, esan du hori eurei dagokiela azaltzea.

Gaineratu du, baita ere, desfase horren ondorioz, Bidegik ezin izan diela aurre egin hainbat kargari eta 400 milioi euroko kreditua eskatu duela. Bere adierazpenek eragindako erreakzioa neurrigabea da, bere esanetan; eta berak diru publikoa bidegabe erabili zutela esan duela adieraztea, atentzioa desbideratu nahi izatea.

Martin Garitanok gaineratu du ez duela ulertzen datu erreal batzuk jakinarazteagatik dimisioa eskatzea.

Markel Olano: "Bildu eta EAJren arteko oztoporik handiena da Ugarte"

Markel Olanok, EAJk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen ordezkariak, bere aldetik, onartezintzat jo ditu Foru Aldundiko bozeramalearen adierazpenak, eta Bildu eta EAJren arteko oztoporik handiena izatea leporatu dio diputatuari. Kargu horretan egoteko ahalmenik ez duela eta kargutik kentzeko eskatu dio Martin Garitano Ahaldun Nagusiari. Gaineratu du alderdien arteko harreman politikoek okerrera egingo dutela, baldin eta Bilduk bere jarrera aldatzen ez badu.

Eneko Goia Azpiegitura foru diputatu ohiak esan du Larraitz Ugarte Bidegiren irudia zikintzen ari dela, EAJ usteltzeko asmoz, eta hori guztiz arduragabea dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak