Larraitz Ugarte kargutik kentzeko eskatu dio Markel Olanok Martin Garitanori

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urtarrilaren 17a

"Foru Aldundiaren bozeramaile Larraitz Ugartek hainbat adierazpen onartezin egin du eta, gainera, bere jarrera zuzendu ez eta, egunetik egunera, okerragoa da". Hala esan du Goiena telebistan Markel Olano EAJk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak. Eta Larraitz Ugarte Foru Diputazioko bozeramailea kargutik kentzea eskatu dio ahaldun nagusiari, Martoin Garitanori.

Larraitz Ugartek aurreko foru gobernuari, Markel Olanok zuzentzen zuenari, leporatu dio Bidegin “247 milioiko desfasea” egon dela, Eibar-Gasteiz autobideari eta Donostiako bigarren ingurabideari, biak ere aurreko agintaldian egin zirenak, dagozkienak.

Lurraldeko autobideak zela finantzatuko dituzten kazetariek galdetu diotenean erantzun du hori Ugartek.


Horren aurrean, EAJk eskatu du Ugarte kargutik kentzea. “Foru Aldundiaren bozeramaileak bata bestearen atzetik egiten jarraitzen du eta, era berean, ausarkeriaz jokatzen ari da. Beste behin agerian utzi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaile izateko gaitasunik ez duela; beraz, Garitano jaunari Larraitz Ugarte kargutik kentzea eskatzen diogu” esan du Markel Olanok.

Eta zera gehitu du:

"Bere jarrera guztiz arduragabea da eta, halaber, ezagutza falta nabarmena du; izan ere, zenbait aurrekontu-sailen aldaketa salatu du, nahiz eta Bidegiko administrazio kontseiluaren oniritzia jasoa zuten. Gainera, bertan, alderdi politiko guztiak ordezkatuta zeuden, baita egun Bildu osatzen duten bi alderdiak ere. Adostasun horiei guztiei buruz herritar guztiei informazioa helarazi zitzaien".

Adierazpen horiek Goiena telebistako Magazinea-n egin ditu Markel Olanok.


Ekintza legalak

EAJ-PNVren batzarkide taldeak, bestalde, "presazko agerraldi eskaera egin du, Donostiako bigarren saihesbidearen eta AP-1 autobidearen aurrekontu sailen aldaketari buruz egindako adierazpenak argitzeko".

Honakoa jakin nahi dute: "aurrekontu-sail horien aldaketa salatu nahi duen ala aurreko gobernuari fondo publikoak bidegabe erabiltzea leporatzen dion; izan ere, hala bada, Larraitz Ugarteren kontrako ekintza legalak hartuko ditugula iragartzen dugu. Hori dela eta, EAJ-PNVren batzarkide taldeak presazko agerraldi eskaera egin du, egindako adierazpen larriak zehaztu ditzan!.

Babes eskaera

Bestalde, Batzar Nagusietako gaurko Mahaiaren bileran, EAJk egindako babes eskaerari baiezkoa eman dio. Horrenbestez, Batzar Nagusietako gobernu organo honek Diputatu Nagusiari idatziz eskatuko dio "erakunde honekiko errespetua izateko; izan ere, gure taldeak egindako galderari Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak eman dion erantzuna zoritxarrekoa izan baita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak