Alberto Barandiaran idazlea eta Iñaki Murua Euskal Herriko bertsozale elkarteko presidentea izan dira aurkezpen ekitaldian. 2012an 25 urte betetzen dira Euskal Herriko Bertsozale Elkartea sortu zenetik. 25 urtetako ibilbide hori aztertu eta landu ondotik, Beste larogei urtian izeneko liburu eta DVDan bildu ditu Bertsozale Elkarteak.
Elkartea, datuetan
25 urtetako ariketa izan da, bertsolaritza tradizio moderno bilaka zedin. 500 bazkiderekin hasi zen elkartea lanean eta 2300 bazkide ditu egun. Soldatapeko langile bakarreko elkarte hura, 69 langiletakoa da egun. Ikaslerik ez zuen elkarte hark, 20.000 ikasletik gora ditu egun. Hamaika dira berriz bidean gainditutako traba eta krisiak: ekonomikoak, instituzionalak, Elkartearenak berarenak… Eta milaka bertsozale, 25 urte horietan barrena, une baterako edo luzaroko, Elkartean borondatez konprometitu direnak.
Barandiaranek mila txosten eta agiri irakurri ditu eta ehunka argazki eta bideo ikusi. 25 urteotan Elkarteko bazkide izan diren 40 lagun inguru elkarrizketatu ditu gainera.
Elkarrizketak eta irudiak
9 atal ditu: Elkartea sortu aurretik zegoen testuingurua azaltzen da lehenengo, eta etorkizuna margotzen duen atalarekin bukatzen du. Tartean daude 25 urte hauetako une, gune, gertakizun, eztabaida, erabaki esanguratsuenak jorratzen dituzten beste 7 atalak. Argazkiak, berriz, 80tik gora dira.
Testu narratiboaz gain, sei elkarrizketa oso daude txertatuta hainbat ataletan: Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, Iñaki Murua, Ainhoa Agirreazaldegi, Arantza Mariskal eta Aritz Zerainenak, hain zuzen.